Larunbatetik dendetan badago ere, gaur, azaroaren 8a, egin dute disko berriaren aurkezpen ofiziala Gozategi taldekoek. Azken lanak 1992-2012 All Stars du izena eta taldeak zuzenekoetan eraginkorrenak izan diren 13 abesti aukeratu ditu diskorako.
1992an hasi ziren plazaz plaza hirukote moduan Ainhoa Gozategi, Asier Gozategi eta Iñigo Goikoetxea. Duela 6 urte, hirugarren umea izan zuenean, utzi zuen taldea Ainhoak, baina disko honetarako ahotsak jarri ditu eta panderoa jo du.
Abesti guztiak berriz grabatu dituzte eta Mikel Irazoki –Miguel Boséren zuzendari musikala– izan da zuzendari musikala. Elkarrek Donostian duen estudioan grabatu zuten diskoa, Jean Phocas eta Victor Sanchez teknikariekin, 2011ko azaroan. Nahasketak Pepo Scherman – 3 Grammy irabazi ditu– musika ingeniariak eta Irazokik berak egin dituzte taldearekin elkarlanean.
Pakia beyau abestirako, Orion bizi den Tabaski Diop senegaldarrak hitz batzuk esan ditu wolofez, Senegalgo hizkuntzan. Horrez gain, disko berrirako Joseba Aparicio eta Iñigo Peronak jo dituzte haizezko instrumentuak. Oriotarrek bi urte daramatzate taldearekin zuzenean, baina lehenengo aldiz sartu dira estudioan Gozategirentzat lanean. Perkusioak, bestalde, Yuri Nogueira kubatarrak jo ditu –Miguel Bosé, David Bisbal… bezalako artistekin aritua–. Gainontzean, bateria David Gorospe zarauztarrak jo du, gitarra Imanol Goikoetxeak, baxua Iñigo Goikoetxeak eta trikitixak Asier Gozategik.
Diskoarekin batera bideoklipa ere plazaratu du taldea, kasu honetan Nirekin da aukeratu duten abestia:
Asteburu honetan Iturengo Aurtitz auzoan arituko dira, larunbatean, hilaren 10a, gauerdia pasata. Abendurako ere kontzertu bat edo beste lotuta du taldeak. Taldearekin Asier Ercilla ingeniari musikalak jarraitzen du zuzenekoetan teknikari lanetan.