San Martinetan festak izango dira Ortzaikan eta Urdanetan

Irati 2012ko azaroaren 8a

Bi aste bukaeratan egingo dituzte Ortzaikan eta Urdanetan oraingoan amaituko dira

Azaroaren 9an, ostiralarekin, hasiko dira aurten sanmartinak Ortzaikan mutil ardoko afariarekin eta larunbaterako ere afaria antolatu dute auzotarrek, kantu afaria, hain zuzen ere. San Martin Egunean, igandean ere meza ostean ez da jolasik eta hamaiketakorik faltako, ezta arratsaldean herri kirolik ere. Aurten, ordea,ez da aurreko urteetan bezala, bertso afaririk izango, baina ordainetan, erromeria-afaria antolatu dute azaroaren 17rako. Afaritarako txartelak Aterpe tabernan eta Oliden jatetxean izango dira salgai. Afal osteko erromerian Loretxu Berbena Belarra taldea arduratuko da festazaleak dantzan jartzeaz. Gainontzean, herri kirolen erakustaldiak, auzo-bazkaria, hamaiketakoa, meza, antzerkia eta, urtero bezala, oilasko biltzea izango dira besteak beste sanmartinetan. Festak bukatzeko, oilasko biltzen ibilitakoen afaria izango da azaroaren 30ean, ostiralarekin.

  • Azaroak 9, ostirala

21:00Mutil ardoko afaria

  • Azaroak 10, larunbata

21:00Kantu afaria

  • Azaroak 11, igandea

10:30 Meza
Ondoren, toka eta sagar-biltzea
Segidan, hamaiketakoa Patxi Etxeberria eta Egoitz Eizagirre bertsolariekin
17:00 aizkolariak eta harri-jasotzaileak

  • Azaroak 16, ostirala

22:00 Mus txapelketa

  • Azaroak 17, larunbata

06:00 Oilasko biltzea
17:30 Bikokote antzerkia haurrentzat
21:00 Erromeria-afaria Loretxu Berbena Belarra taldearekin

  • Azaroak 18, igandea

12:00 Herri kirolak Heldu!-koen eskutik
Ondoren, Bailarako bazkaria Jagoba eta Maialen trikitilariekin

  • Azaroak 30, ostirala

21:00 Oilasko biltzeko afaria

Aiako Urdaneta auzoan ere San Martin  jaiak ospatuko dituzte aste bukaeran. Azaroaren 4an hasi zituzten festak erretiratuen egunarekin eta asteburuan ere ez da ekitaldirik faltako. Gaur, ostirala, mus-saioa izango da gauean Indamendi elkartean eta ondoren, Zarauzko Ihes naiz taldeak kontzertua eskainiko du Ximorren.
Larunbata ere ekitaldiz beteta etorriko da arratsaldetik goizaldera bitartean. Gorritik umeak goxatuko ditu bere animaliekin eta haur eta helduek txokolate eta bizkotxoekin gozatzeko aukera izango dute gero. Gauean, berriz, betizu jana egingo dute frontoian eta afalostean bertsolariak eta trikitilariak arituko dira. Ostiralean eta larunbatean erromeria eta bertsolarien ondoren Ximor irekita egongo da parranda gogoa dutenentzat.
Antolatzaileen esanetan, San Martin eguna, aurten igandea, izan ohi da herri kirolen eta idi-demen aitzakian auzora jende gehien joaten den eguna. Meza eta palaz binakako pilota partiden finalen ondoren egongo dira, hain zuzen ere harri-jasotzaileak eta aizkolariak eta giroa alaitzeko trikitixa doinuak izango dira. arratsaldeann, berriz, idi-demak ikusteko aukera egongo da. Eguna bukatzeko trikitilariekin erromeria izango da berriz.
Asteburu guztia nahikoa ez, eta astelehenean, goizean goiz jaikita, baserriz baserri arituko dira oilaskoak biltzen eta gauean, jasotako oilaskoekin, auzo afaria egingo dute Indamendi Elkartean. Gero, erromeria eta patata-dantza izango dira Ximorren. Gauerdian amaituko dituzte festak traka zaratatsuarekin.

  • Azaroak 9, ostirala

22:30 Mus txapelketa Indamendin.
23:30 Ihes naiz taldea Ximorren

  • Azaroak 10, larunbata

16:00 Gorriti eta bere animaliak
Ondoren, txokolate beroa bizkotxoekin
21:00 Betizu jana frontoian
Afalostean, Peñagarikano eta Egaña bertsolariak eta Izer eta Alabier trikitilariak
00:00etatik aurrera Ximor irekita

  • Azaroak 11, igandea

11:00 Meza
12:00 Palaz binakako partiden finala.
Segidan, Herri kirolak: Izeta I, IzetaII, Izeta III, Izeta IV harrijasotzen eta Mugertza, Imanol Zaldua eta Bihurri
aizkoran. Laja eta Lutxurdiok alaituta
17:00 Idi-dema: Saberrikoidi bakarra, Izetako idi parea eta Iñaki Olidenen idi bakarra
22:30 Erromeria Laja eta Lutxurdiorekin

  • Azaroak 12, astelehena

07:00 Diana eta oilasko biltzea
21:00 Bildutako oilaskoekin auzo afaria
Ondoren, Erromeria eta patata dantza


Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide