Hizkuntza politikan aurrerapausoak eman ditu Orioko Udalak

Gozategi Argentina Tour 2013 2012ko azaroaren 13a

Hizkuntza politikaren arau nagusiak biltzen dituen dekalogoa onartu zuen udalbatzarrak, besteak beste

Euskara herritarren ohiko hizkuntza izan dadin, aurrerapauso garrantzitsuak eman ditu azken urteotan Orioko Udalak. Alde batetik euskara sustatzeko kanpainak landu ditu, eta, bestetik, Udaleko esparru guztietan euskaraz egiteko gaitasuna eskuratu dute.

Horren adierazgarri dira azken egunetan udal-lanpostu guztietan jarri dituzten karteltxoak. Kartelek honako mezua erakusten dute: Eskerrik asko euskaraz lan egiten laguntzeagatik. Modu horretara, herritarrek Udalarekin duten harremana, idatzia nahiz ahozkoa izan, euskaraz izatera bultzatu nahi dute Udaletik.

Izan ere, herritarren jarreran eragitea garrantzitsua dela ulertzen du Euskara batzordeak, Udalak euskararen erabilera areagotu dezan. Orioko Udaleko web orrialdean jarri dutenez, Udaleko zerbitzu guztiak gai dira, gaur egun, herritarrari zerbitzu osoa euskaraz emateko eta hori da Udaleko Euskara batzordeak bultzatu nahi duena, oriotarren laguntzaz.

Karteltxoak jartzeaz gainera, udalbatzarrak Udalaren hizkuntza politikaren arau nagusiak biltzen dituen dekalogo bat onartu zuen aurten, aho batez. Gainera, dekalogo hori eskualdeko herri guztietan onartu zuten, Udal Elkartearen proposamenari jarraituz.

Ondorioz, onartutako dekalogo horren testua jasotzen duten kartelak jarri ditu Udalak udaletxeko, Kultur Etxeko eta kiroldegiko sarreretan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide