Benito Lertxundiri emango diote Argizaiola saria Durangoko Azokan

Irati 2012ko azaroaren 15a

San Agustin Kultur Gunean jasoko du abenduaren 6an

Durangoko azokaren 47. edizioaren aurkezpenean jakinarazi dute, Gerediaga Elkarteak Benito Lertxundi musikari oriotarrak jasoko duela Argizaiola omen-saria euskara eta euskal kulturaren alde egindako guztiarengatik.

1992.urtean hasi zen Gerediaga elkartea Durangoko argizaiola omen-sariak ematen, beste garai batzuetan zenbait pertsona eta erakundeek euskara eta euskal kulturaren alde egindako lana goraipatzeko, gauean argia izan zirenei eskerrak emateko. Sari hori Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan ematen dute urtero eta Benito Lertxundiri abenduaren 6an 20:30ean emango diote San Agustin Kultur Gunean ospatuko duten ekitaldian.

Eztarrian ebakuntza bat egin eta udan zaintzen egon ondoren, sendatu eta berriz abesteko prest dagoela jakinarazi du. Maiatzean aurkeztu zuen Oroimenaren oraina diskoa eta Otxaran-Zallan ostiralean hasiko du bira. Bizkaiko emanaldi horretaz gain, Elkar argitaletxeak bere honako kontzertuen berri eman du:

  • Azaroak 16an, Otxaran-Zallan.

  • Azaroak 17, Donostiako Kursaalen.

  • Azaroaren 25ean Bilboko Euskaldunan.

  • Azaroaren 30ean, Ermuan.

  • Abenduaren 14an, Tolosako Leidorren.

  • Abenduaren 20an, Iruñeako Baluarten.

  • Abenduaren 21ean, Portugaleten.

  • Urtarrilaren 11n, Laudion.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide