Festetarako abestia grabatu dute hainbat herritarrek

Gozategi Argentina Tour 2013 2012ko azaroaren 23a

Festa batzordearen ekimenez, azaroko bigarren asteburuan izan ziren estudioan eta gaur kaleratu dute abestia

Pello eta Nikolasa deitu diote festetarako propio egindako abestiari. Imanol Urkizu da kantuaren egilea eta Errokitxoakoek jarri dituzte hitzak. Hainbat herritarrek hartu dute parte ahotsak jartzen eta musika tresnak jotzen.

Urria inguruan sortutako ideiak azaroko bigarren astebukaeran hartu zuen forma Zarauzko estudio txiki batean. Haritz Lete –Cobra, Kokein… taldeetan musikaria– izan dute teknikari lanetan. Lehenengo egunean kantuaren oinarria grabatu zuten Imanol Urkizuk berak –baxuarekin, gero ahotsa ere gehituko zuen–, Iñaki Gurrutxagak –gitarrarekin– eta Imanol Arrutik –bateriarekin–. Egun berean Asier Gozategik trikitixa eta ahotsa gehitu zizkion abestiari eta Andoni Lertxundik biolin doinuak.

Biharamunean, azaroaren 10ean, batukadaren txanda izan zen. Manex Barrenetxeak eta Asier Sarasolak –azken honek tronboia ere jo zuen kanturako– perkusioa grabatu zuten. Atzetik, Karkarako kazetarien txanda izan zen; Lore Berasaluzek eta Iker Gurrutxagak ahotsa grabatu baitzuten. Kantuaren hasierako korua, berriz, Egunsenti otxoteak egindakoa da eta belarrira hain goxo sartzen diren nesken ahotsak Olatz Lizaso eta Iratz Urkizuk grabatu zituzten. 

Bukatzeko, Xabi Arostegik bere ekarpena egin zuen hain ezaguna duen Iepa, iepa, iepa! esanaz.

Hemen kantuaren bertsio luzea deskargatu dezakezue. Baina, festetan, bertsio laburragoa entzungo da tabernetan eta ekitaldietan. Besterik gabe, prestatu sanikolasetarako!

Abestia deskargatzeko, klikatu hemen.

Abestiaren hitzak:

Orioyoko ijitok gera
gure kontu erronda atea.
Kantazak! Kantazan!
Festak dira ta dena libre da

Pello eta Nikolasa,
lepo dago herriko plaza.
Pello eta Nikolasa,
festak ondo pasa!

Estaziyon hustu dira trenak,
prozesiyon zubiyan azkenak.
Badatoz! Ba al zatoz?
Ordu txikitan galtzen dira denak

Kiñua egin didak aurreko tabernan.
Orain ere hortxe habil teman,
nahi al den, plaia alden? 
Nahi nikek, baina hik ezin eman!

Pello eta Nikolasa,
lepo dago herriko plaza.
Pello eta Nikolasa,
festak ondo pasa!

(BATUKADA)

Euskaraz ari denai luzatu txikota 
Iparra, nortia, beaxoyan kontra.
Esanak! Ez danak!
Kontu txikiak belarrira konta!

Maria gora ta behera erriyon,
jendia dabil balantza haundiyon.
Zer diyok! Zer diyon!
Hau da giroa dagona Oriyon!

Pello eta Nikolasa,
lepo dago herriko plaza.
Pello eta Nikolasa,
festak ondo pasa! (errep.)

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide