Euskararen egunerako dena prest Orion

Gozategi Argentina Tour 2013 2012ko azaroaren 29a

Abenduaren 3an, astelehenean, ospatuko dute ikastetxeetan

Euskararen eguna ospatzeko Orioko Herri Ikastolak eta Zaragueta Herri Eskolak hainbat ekitaldi burutuko dituzte abenduaren 3an. Horien artean, euskarazko liburuen truke azoka antolatu dute bigarren urtez jarraian Zaraguetakoek, irakurzaletasuna eta liburuen berrerabilpena bultzatzeko.

Liburuak bilduko dituzte lehendabizi eta, horretarako, bihar, azaroaren 30a izango da liburuak uzteko azken eguna, 15:00etatik 16:15era. Liburuak jaso eta egoera onean daudela egiaztatu ondoren, truke azokarako txartela emango da. Liburuek bete beharreko baldintzak honakoak dira: euskaraz idatziak izatea eta egoera onean eta osorik egotea.

Abenduaren 3an, euskararen egunean, izango da truke eguna Zaragueta Herri Eskolan arratsaldeko 15:00etatik 18:00etara. Aurrez eskuratutako txartelekin hartu ahal izango dira liburu berriak.

Ikastolak, bestalde, egun guztiko egitaraua osatu du euskararen egunerako. Denetik egingo dute eta honakoa izango da ordutegia:

08:30-12:30 Lehen Hezkuntzako 1. mailatik hasi eta 6. maila arteko ikasleak Herri Kiroletan arituko dira kiroldegian: lokotx jokoa, zaku-karrera, txingak, toka…
10:15 Ikastolako gurasoek Haur Hezkuntzako ikasleei ipuinak kontatuko dizkiete.
11:30 Haur Hezkuntzako ikasleak Argitxok ezkutatutako altxorraren bila arituko dira Ikastola inguruan, pistaz pista Argitxoren puzzle puskak aurkitu arte.
12:00 Ikasleen Euskara Batzordeko kideek Euskara Eguneko pregoia irakurriko dute.
14:30-15:00 Haur Hezkuntzako ikasleak erromerian joango dira herriko plazara, gurasoek jotako trikitixa doinuen atzetik.
14:30-15:00 Haur Hezkuntzako ikasleentzat txotxongilo saioa.
15:30-16:30 Argitxoren bisita Ikastolara.
14:30-16:30 Lehen Hezkuntzako ikasleak hainbat mahai-jolasetan arituko dira: partxisa, xakea, oka-jokoa...
14:30-16:30 DBHko 1. mailatik hasi eta 4. maila arteko ikasleak Herri Kiroletan arituko dira kiroldegian: lokotx jokoa, zaku-karrera, txingak, toka…

Bukatzeko, Euskaraz Gazte literatura lehiaketako sari banaketa ere euskararen egunean izango da. Udaletxeko batzar aretoan egingo da ekitaldia, iluntzeko 19:00etan hasita.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide