Munto plana jendaurrean jarri du Udalak 20 egunerako

Gozategi Argentina Tour 2013 2012ko abenduaren 4a

EB-Berdeak taldeak bere garaian jarritako salaketa berretsi du Madrilgo Auzitegi Nagusiak, urriaren 25ean argitaratutako epaiaren bitartez.

Muntoko eremuari dagokion Ikerketa Hidrologikoa Plan Partzialarekin batera jendaurrean jartzera behartu berri ditu Madrilgo Auzitegi Nagusiak Orioko Udala eta Muntoko lanak gauzatzeko ardura duen enpresaren ordezkaritza. Hala adierazi du urriaren 25ean argitaratutako epaiak. Plana jendaurrean dago abenduaren 3tik hasi eta  20 egunez Orioko udaletxean.

Munto plana sektore horri dagokion Oria ibaiaren azterketa hidraulikoarekin batera jarri dute bistan, interesatuek aukera izan dezaten biak azter­tzeko eta, egoki irudituz gero, udalba­tza­rraren aurrean alegazioak aurkezteko.

Horrela, EB-Berdeak taldeak bere garaian jarritako salaketa berretsi eta Udalak eta Muntoko lanak egitearen ardura duten enpresek elkarrekin aurkeztutako aurkako kasazio-errekurtsoa gaitzetsi ditu. 

Horrez gain, Euskal Herriko Justizia Auzitegi Nagusiak hartutako bi erabakiak gogorarazi ditu Eduardo Calvo Rojasek zuzendutako epaitegiak: Orioko Arau Subsidiarioen Berrikustea oso-osorik baliogabetzen duena  da bat; eta Arau Subsidiarioen Moldatutako Testua oso-osorik baliogabetzen duena, bestea.

Epaiaren arabera, gainera, kasazio-errekurtsoa jarri dutenek, Orioko Udalak eta Munto eremuko eraikitzaileek, alegia, erdira ordaindu beharko dituzte azken epaiketa honek eragindako gastu guztiak. Madrilgo Auzitegi Nagusira iritsita, epaia behin betikoa da, eta, hortaz, ezin da helegiterik jarri.

Bide luzea
2005eko abuztuan onartu zuten lehen aldiz Muntoko Plan Partziala Orioko Udalbatzarrean. 2006ko martxoan jarri zuten jendaurrean, eta 2006ko irailean aurkeztu zen Muntoko lur-sailak urpean geratzeko duen arriskua aztertzen duen Plan Hidrologikoa. Ordutik hona ia etengabean izan da Plan hori hizpide epaitegietan. Auzitegietatik joan-etorrien artean, ikerketa hidrauliko hori publiko egitera behartu zuen  Euskal Herriko Justizia Auzitegi Nagusiak Udala 2010eko otsailean.  

Urte berean jarri zuten Orioko Udalak eta Muntoko lana egitearen ardura duen enpresako batzarkideek epai horren aurkako kasazio-helegitea. Madrilgo Auzitegi Nagusiak errekurtsoa bideratzea onartu zuen  eta salatzaileari, EB-Berdeaki, oposizioa gauzatzeko aukera eman zion. 

Bi urte geroago, pasa den urrian, eztabaidatu eta bozkatu du helegitea Madrilgo Auzitegi Nagusiak, EB-Berdeaken eskakizunak onartuz.

Erantzunak

Orioko Udaleko iturrien arabera, Plan Hidrologikoa egona dago jendaurrean eta Eusko Jaurlaritzako Uraren Euskal Agentziako teknikarien eskuetatik ere pasa da; eta ez zuen inork helegiterik jarri; baina epaiketa hau hasi ondorengoa denez, auzitik kanpo geratu da.   

Bildu koalizioa bestalde, erantzuna ematekoa da egunotan eta prentsa ohar baten bitartez jakinaraziko omen du Muntoko epaiketa honen harira esateko duena.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide