Babes bereziko eremu izendatu berri du Eusko Jaurlaritzak Oriako itsasadarra eta, ondorioz, Motondoko ingurua. Horren harira, aurretik ere lanean jardunak ziren Orioko Surf Taldea, Orioko Udala, Aranzadi zientzia elkartea eta Herrio Natur Taldea. Izendapena jasota, honako testua helarazi du Orioko Bilduren udal taldeak:
Oriaren itsasadarrarekin batera Euskal Autonomia Erkidegoko atlantiar eskualde biogeografikoko beste 13 ibai eta estuario kontserbazio bereziko eremu -KBE- izendatu ditu, eta eremu hauek babesteko ezarri beharreko neurriak onartu. Berdin egin du Arno, Izarraitz, Pagoeta, Garate-Sta. Barbara eta Ernio-Gazume mendi eremuekin ere. Dekretuaren helburua, eremu horietan aurkitzen diren habitat naturalak mantendu eta berreskuratzeaz gain hauek etorkizunean bermatzeko neurriak hartzea da.
2003an izendatu zuten Oriaren itsasadarra Europako Natura 2000 sarearen barnean Garrantzi Komunitarioko Leku -GKL- zuen balio ekologiko aberatsagatik. 2010.urtean Eusko Jaurlaritzako bioaniztasun sailak, balio horiek aztertzen hainbat urte eman ondoren, prozesu parte-hartzailea abian jarri zuen -bertan parte hartu zuten Herrio natur taldeak, Orioko Surf taldeak eta Orioko bi zinegotzik-. Iazko urte hasieran kontserbazio bereziko eremua izateko proposamena aurkeztu zuen Jaurlaritzak eta 18 hilabeteren ondoren izendapena eman dio.
Oriaren itsasadarra deituriko KBE honen barruan dago Motondoko eremua. GKL izendatu ondoren eta Orioko udaleko ingurumen batzordeak hala eskatuta -hainbat aditu eta natur-talderen laguntzarekin-, eremua berreskuratzeko 254.000 euroko dirulaguntza jaso zuen Eusko Jaularitzako ingurumen sailetik 2010eko urte amaieran. 2012ko azaroaren 16an, Orioko udalak egindako dirulaguntza eskaerari erantzunez, ingurumen sailak ebatzi du proiektu honi beste 116.000 euro ematea.
Aranzadi zientzia elkarteari esleitu zion Orioko udalak 2011. urteko urrian Motondo berreskuratzeko proiektua. Ordutik, natur-balioen azterketa egin dute eta oinarrizko exekuzio proiektua eginda dagoen arren, exekuzio proiektu orokorra idazten dihardute egun. Bitartean, abenduko hirugarren astean, parte-hartze prozesuak lehengo faseari ekingo dio.
Tartean proiektuaren aurkezpena eta Euskal Herriko eta Espainiar estatuko adituen hitzaldiak izango dira Orioko kultur etxean. Urdaibaira eta Motondora ere irteerak egingo dira abenduko asteburuetan. Egitarau osoa datozen egunetan emango du ezagutzera Aranzadik, Orioko udalarekin elkarlanean.
Uraren Euskal Agentziarekin -URA- 2011z geroztik Orioko Udalak harremanetan dihardu proiektua bultzatzeko nahiarekin. Elkarlanerako bideak irekita daude: URAk proiektuari babesa emana dio eta egun elkarlanerako hitzarmenaren zirriborroa idazten ari dira.