Benito Lertxundik jarritako errekorra hausteko hautagai asko eta batez ere, erronkaz gozatzeko asmoz hurbildutako ikusle andana hurbildu zen atzokoan, San Nikolas egunean, Almirante Oa-ko eskaileretara. Ikusmin handia piztu zuen probak eta iluntzeko zortziak hurbildu ahala, eskailera inguruak jendez betetzen hasi ziren.
Hogeitik gora lagun animatu ziren 79 eskailerak, behetik gora, ziztu bizian igotzera; herritarrak eta inguruetatik etorritakoak. Erronka: 11,90 segundo baino gutxiagotan izatea bi hankak Urdaire kalean. 2 saiakera izan zituen horretarako parte-hartzaile bakoitzak.
Asier Salazar, Alex Ortega, Nerea Amilibia (emakumezko bakarra), Aitor Perez, Aitor Larraza, Hoosain Kaanache, Xabier Aramendi, Xabier Altuna, Joseba Altuna, Eneko Dorronsoro, Aitor Rubio, Xabier Arregi, Joseba Tarantino, Ibon Arruti, Oman Kabe, Andoni Campos, Aitor Ostolaza, Ibon Berasaluze, Ibai Peña, Asier Nieto, Andoni Irigoien, Bittor Andres eta Iban Arruti izan ziren parte-hartzaileak,Tragoxka paretik bata bestearen segidan atera zirenak.
Lehen buelta bukatzerako geratu zen Lertxundiren errekorra zaharkituta. Izan ere, Andoni Camposek, tartean 5 eskailera batera igota, 11 segundo eta 43 ehunen behar izan zituen 79 koxkak igotzeko. Txalo zaparrada jaso zuen ordainetan.
Bigarren saiakera egitea ere erabaki zuten "kirolari" guztiek, aukerakoa baitzen. Askok hobetu zuten aurrenekoan egindako denbora eta ondorioz, hurrengo batean puskatu beharreko marka zehaztu zen bigarren itzulian: Andoni Camposek berak ondu zuen aurrekoa, kronometroa 10 segundo eta 99 ehunen geldituta. Joseba Tarantinok ere 1atzean utzi zuen atzo arteko errekorra, eskailerak 11 segundo eta 52 ehunenen igota.
Argazki gehiago ikusteko klikatu hemen.