Greba mugagabea hasi zuten atzo, astelehenean, Estampaciones Gipuzkoa enpresako 39 langileek, indarrean duten metal arloko enpresa-hitzarmenari eutsi nahian. Izan ere, gaur egun, probintzia-hitzarmena eta gainerako hitzarmena baino indar gehiago du enpresakoak eta Espainiako Gobernuak ezarritako Lan Erreforma berriaren arabera, enpresa hitzarmenek balioa galdu egingo lukete, estatuko hitzarmenak lehenetsiz. Horren aurrean, langileen baldintzak asko kaskartuko direla-eta, enpresa-hitzarmena berritu nahi dute Estampaciones Gipuzkoako enplegatuek, orain arteko baldintzak errespeta daitezen. Juan Manuel Carrillo ELAko ordezkariaren hitzetan, orain arteko egoera berean jarraitu nahi dute; ez besterik: langileen baldintzak zapaldu egiten ditu Espainiako Erreformak: kaleratzeak errazten eta merkatzen ditu, lan-jardunaldi irregularrak azpimarratu... ez dugu hori nahi. Orain artean horrela funtzionatu badugu, ez dugu ulertzen zergatik ezin den aurrerantzean berdin segi.
Enpresa-hitzarmena sinatzeko asmoz, plataforma bat aurkeztu zieten langileek enpresako zuzendaritzako kideei ekainaren 18an. Ordutik hona hainbat batzar izan dituzte hitzarmen hori adosteko. Carrilloren arabera, enpresak malgutasuna, neurriko soldata eta lan jarduera dagoen bitartean egungo hitzarmenari eustea eskatu ditu.
Grebak irauten duen bitartean, goizeko 08:00etatik 20:00etara egongo dira langileak Estampaciones Gipuzkoako ate atarian, protesta gisa, zuzendaritzak deitu zain. Carrillok adierazi duenaren arabera, greba hasi bezperan, abenduaren 9an, jarri zen sindikatuko ordezkariekin harremanetan enpresako kudeatzailea, greba utzi artean, ez dutela negoziatuko adierazteko. Langileen erantzuna negoziatzeko prest daudela izan da, baina beti ere guk aurkeztutakoari erantzuteko beren plataformaren bat aurkeztekotan; bien bitartean greban jarraituko dutela adierazi dute.
Bitartean, enpresara datozen kamioei bidea ixten diete, greban daudela esanez.
EEEtik grebara
Eztabaida asko dituzte azken urteotan Estampaciones Gipuzkoan. Duela 3 urte ere protesta egin zuten langileek EEEan (Enplegu-erregulazioko espedientea) zeudela-eta, kaleratzeak izan zirelako. Horren atzetik beste 7-8 langile kaleratu zituzten eta 3 eguneko greba egin zuten orduan.
Langileen grebaren aurrean Estampaciones Gipuzkoako zuzendaritzatik ez dute komunikabideentzat adierazpenik egin nahi izan.