Poltsa konpostagarririk ez dute banatuko 2013tik aurrera

Irati 2012ko abenduaren 11

Etxeetan izateko ontzi marroi zulodunak aldatu eta itxiak banatuko dituzte

Urola Kostako Udal Elkarteak hainbat berrikuntza egingo ditu 5. edukiontziaren zerbitzuan aldaketen berri eman du. 2010eko ekainaz geroztik eskualdeko bost herrietan jasotzen dira hondakin organikoak edukiontzi marroietan. Orion 15 edukiontzi marroi daude eta Aian 7 eta Urola Kostan orotara 142. Bestalde, 5. edukiontzia erabiltzeko giltza eskualdean 10.531 familiak dute. Bailaran jasotako hondakin organiko kopurua ere neurtua dute eta 2011n 621.527 kilo jaso ziren, 2012an (urtarriletik urrira), berriz, 1.230.340 kilo.

Poltsarik ez

Zerbitzu honekin bat egin duten familiek ontzi marroi txiki bat, giltza eta poltsa konpostagarriak jaso dituzte orain arte doan, Udal Elkartearen eskutik. Udal Elkartetik adierazi dute udalek eta elkarteak berak ahalegin handia egin dutela orain arte zerbitzua abian jarri eta sendotzeko. Esaterako, 2012an doan banatutako poltsa konpostagarrien kostua 70.000 euro ingurukoa izango da.

Krisi ekonomikoaren ondorioz, udalen eta Udal Elkartearen murrizketak kontuan hartuta, Udal Elkarteak zerbitzu horretan hainbat aldaketa egingo ditu. Poltsak doan banatzeak, gaurko erabiltzaileen kopurua aintzat hartuta, 168.000 euro inguruko gastua ekarriko lioke Udal Elkarteari 2013an. Beraz, erabaki du 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera poltsa konpostagarririk ez banatzea. Ondorioz, herritarrek hiru aukera izango dituzte etxeko hondakin organikoak kaleko edukiontzi marroian husteko:

  1. Hondakinak kubo itxian garraiatu eta edukiontzi marroian hustu. Horretarako Udal Elkarteak ontzi itxiak banatuko ditu.
  2. Hondakinak plastikozko poltsa batean garraiatu, hondakinak edukiontzi marroian hustu eta, ondoren, plastikozko poltsa edukiontzi horira bota.
  3. Poltsa konpostagarriak saltokiren batean erosi eta orain arte bezala poltsa edukiontzira bota.

Ontzi itxien banaketa

Lehen aukera hautatuz gero, ontzi itxia eduki behar da etxean. Orain arte ontzi zulodunak banatu dituztenez, Udal Elkarteak ontziak aldatuko dizkie herritar horiei. Beraz, ontzi itxia eskuratzeko lehen banatutako zuloduna itzuli beharko da banaketa egunean. Honako egunetan jaso beharko dira ontzi itxiak:

  • Aia:Abenduak 13, osteguna, 16:30-19:00, Kultur Etxean.
  • Orio: Abenduak 13, osteguna, 10:00-12:00 eta 16:30-18:30, Udaletxeko atarian.

Poltsa konpostagarriak erosi

Herritarrek hirugarren bidea aukeratu eta poltsa konpostagarriak erostea erabakitzen badute, poltsek honako ezaugarriak izan beharko dituzte:

  • Zaku formako poltsa. Neurria, gutxi gorabehera: 43x48 cm
  • Poltsa konpostagarria, UNE-EN 13432 arauaren arabera egina eta ziurtatua bi marka hauetakoren batekin:
    AIB-VINÇOTTE erakundearen OK Compost marka edo DIN CERTCO erakundearen compostable marka.

Udal Elkartea zabor-poltsak saltzen dituzten eskualdeko dendekin harremanetan jarriko da, poltsa konpostagarrien inguruko informazioa eskaintzeko, herritarrek poltsa horiek erosteko zailtasunik izan ez dezaten.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide