Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako ikasleei Garikoitz Aristegirekin, Sinergiako
fisioterapeutarekin, postura heziketari buruzko tailerrak izan dituzte gaur, abenduaren 11, Orioko Ikastolan. Ikastetxez ikastetxe dabil Aristegi halako tailerretan, izan ere tailer horiek Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo
Ofizialak antolatu ditu Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz.
Tailer horien helburua ikastetxean nahiz etxean posturekiko ohitura egokiak izatea da. Horrez gain, minei eta bizkarrezurreko lesioei aurre egiteko prebentzio-neurri gisa duen garrantzia ezagutaraztea ere badute helburu. Hala, 8 eta 10 urte tarteko neska-mutilei zuzenduta ari dira egiten ikastaroak.
Horretarako, honako metodologia jarraitzen dute:
· 8 eta 10 urte tarteko neska-mutilei bizkarrezurraren anatomia irakatsi eta biomekanika egokia izateak duen garrantzia ezagutarazten diete.
· Hazkunde-fasean bizkarrezurraren garapen egokia eragozten duten elementu desberdinak bistaratzen dizkiete.
· Ikasgelan nahiz etxean lan egiteko erabili behar diren posturak ezagutarazten dizkiete: motxila egokiro eramateko modua, zein ote den motxila-motarik egokiena, nola eseri behar den ikasgelan, nola jaso behar den objektu bat zorutik eta nola jarri goiko apalategi batean, nola eseri ordenagailuaren aurrean, sofan, telebista ikusteko edo kontsolarekin jolasteko.
· Balio osasungarriek giza-gorputzerako duten garrantziaz ohartarazten zaie: bizitza aktiboa, fruta eta barazkiak bezalako elikagaiak jatea eta postura-higienea.
Geroz eta bizkarreko arazo gehiago
Azken datuen arabera, bizkarreko mina kezkatzeko moduan gehitu da eskola-ikasleen artean.
Halaxe frogatu dute azken urteotako ikerketek. Lan horiek ageri-agerian
utzi dute ikasleek bizkarrezurrean dituzten kalte eta minen prebalentzia
handia. Datuek diotenaren arabera, kaltetuen portzentajea %39koa izan daiteke 8 eta 16 urte
tarteko neska-mutilen artean. Gaztetxoenen artean toraxeko mina da
ohikoena, eta nerabeengan, sintoma horiek gerrialdean ere azaldu ohi
dira.
Horren aurrean hasi ziren halako tailerrak sortzen, izan ere, hezkuntzan egoten da halako egoerei aurre egiteko gako garrantzitsuena. Horren adibide gisa, pubertaroko hazkundean hartutako ohitura txarrak dira haur
eta gaztetxoen bizkarrezurretan gerta daitezkeen makurduren
arrisku-faktore nagusia.
Ohitura txar horiek, altzari desegokien
erabilerak, motxilen gehiegizko pisuak, umeek eserita egiten duten
gehiegizko denborak eta gaur egungo gaztetxoen sedentarismoak eragiten
dituzte, beste zenbait kausaren artean. Horregatik, tailerretan ohitura osasungarriagoak erakusten dizkiete ikasleei.