Gurasoentzako euskarari buruzko bi hitzaldi antolatu ditu Zaragueta Herri Eskolak

Irati 2012ko abenduaren 11

Abenduaren 18an eskainiko ditu Iñaki Eizmendik

Zaragueta Herri Eskolak datorren astearterako, abenduaren 18rako, bi hitzaldi antolatu ditu Euskara Nazioarteko Egunaren ospakizunen baitan. Euskararen erabileran eragiteko baliabideak eta tresnak garatzea eta frogatzea helburu duen Iñaki Eizmendi gizarte hezitzaile lasartearra izango da hizlaria eta bi hitzaldi Kultur Etxean egingo ditu.

  • Seme-alaba euskaldun eta euskaltzaleak. Laguntzeko prest?. Eizmendik seme-alaben hizkuntza ohituren inguruan jardungo du, eta beraien harremanetan euskara erabil dezaten laguntzeko zer egin daitekeen aztertuko du. Hitzaldia euskaraz izango da 17:30ean hasita.

Herrian gaztelania asko erabiltzen delako eta hori nabaritzen dutelako kezka dute euskararen erabileraren inguruan eta hori izan da hitzaldia antolatzeko arrazoietako bat. Besteak beste honako gaiak izango ditu hizpide: hizkuntza ohiturak nola ikasten diren eta seme-alabek beren harremanetan euskara erabiltzen jarrai dezaten nola lagundu behar zaien; euskararekiko jarrerak nola landu eta beste hizkuntzekiko seme-alabei zein mezu eman; euskara aberatsa izan dezaten hizkuntzarekin nola jolastu; eta euskararekin duten harremana zaintzen bada euskaltzale izan daitezen lagunduko zaiela ere azalduko die.

  • ¿Cómo ayudarles en las tareas escolares si no sabemos euskera?. Guraso ez-euskaldunei lan-tresna praktikoak eskaintzea izango du helburu. 19:00tan hasiko da, eta, hain zuzen ere, guraso ez-euskaldunentzako izango da.

Besteak beste adieraziko die gurasoek euskara ez jakiteak zein eragin izan dezakeen seme-alaben eskolako emaitzetan; ikasgaia euskaraz izan arren, matematika esaterako, laguntza gaztelaniaz ematea egokia ote den; zein diren erabil daitezkeen baliabide eta estrategiak eta zein izan daitezkeen oztopoak; gaia ulertu ez arren memorizazio lanetan lagun al dezaketen gurasoek; eta etxeko lanetan seme-alaben motibazioa handitzeko gurasoek zer egin dezaketen.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide