Orio Arraunketa Elkarteak saria jaso du Gipuzkoako Arraunaren Galan

Gozategi Argentina Tour 2013 2012ko abenduaren 14a

KAE-1 ligan Gipuzkoako traineru onenari saria eman diete oriotarrei

Oriori eman diote KAE Ligari dagokion Gipuzkoako Ligako bandera. Puntu gehien irabazi dituen trainerua izan da eta atzo, abenduaren 13a, egin zen Arraun Galan eman zieten Orioko ordezkariei bandera. Horrez gainera, KAE 2 ligako banderaren lehian, bigarren izan zen Orio, Trintxerpek baino puntu bat gutxiago pilatuta.

Gipuzkoako Traineruen Liga

Gipuzkoako Traineru Liga, Gipuzkoako Arraun Federakundeak jarri zuen martxan 2001ean. Helburua, besteak beste, herrialdeko arraunerako zaletasuna berpiztea, eta arraun-elkarte, estropada-antolatzaile eta babesleentzat pizgarri izatea zen.

Egia Trofeoak komertzioak eman zion izena lehenengo banderari 2001ean eta Orio izan zen garaile. 2002tik aurrera, GAF eta El Diario Vasco egunkariak sinatu zuten akordioari esker, Gipuzkoako Traineru Ligak, El Diario Vasco Sari Nagusia izena du.

Hala, urtero, denboraldia bukatu ostean, Gipuzkoako Arrauneko Galako ekitaldian, Ligako traineru-elkarte irabazleari entregatzen zaio bandera. Gipuzkoako Liga honetako puntuazioa honela osatu izan da: 2003an TKE Liga sortu zen eta, ordutik hona, herrialdeko Txapelketarekin batera, TKE Ligan Gipuzkoan lehiatzen diren estropadak hartzen dira kontutan puntuaketarako.

Baina, TKEz gain, KAE liga ere sortu zen urte hartan. Bigarren mailako Liga honetan parte hartzen zuten Gipuzkoako traineruentzat, GAF eta DV-k, beste Gipuzkoako Liga jarri zuten martxan, eta, KAE ligan Gipuzkoan jokatzen diren estropadak hartzen dira kontutan gaur egun.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide