400 inguru korrikalarik hartu zuten parte igandean, abenduaren 16an, Orioko Herri Ikastolak antolatutako Orioko lasterketan. Horietatik 300ek egin zizkioten bi buelta herriari: 14 kilometro; gainerako 100ek nahikoa izan zuten buelta batekin, 7 kilometrorekin. Tartean, oriotar eta aiar asko animatu ziren, eguraldia lagun.
Ikastola paretik irten eta segituan luzatu zen lasterketa, bizkorrenak buruan jarrita. Lehenengo itzulian, Ortzaika bidean Ikastola paretik pasatzerako korrikalari batzuen eta besteen arteko tarteak handiak ziren dagoeneko. Hossain Kaanachek lasterketaren lidergoa hartua zuen ordurako.
Moila bazterretik Ikastolarako bidea eginda bukatu zuten ibilbide motza aukeratutako hainbat eta hainbat lasterkarik. Javier Perez irundarra izan zen gizonezkoen artean aurrenekoa 7 kilometroak egiten. 24 minutu eta 6 segundo behar izan zituen. Emakumezkoei dagokionez, berriz, Eva Pelaez andoaindarra izan zen Ikastola aurreko helmugan bizkorrena, 28 minutu eta 35 segundoko denborarekin.
Orioko korrikalarien artean –aiarrik ez baitzen distantzia honetan–, Julen Saldias eta Olatz Mujika oriotarrak izan ziren bizkorrenak.
Bitartean, 14 kilometro egin behar zituzten lasterkariak aurrera eta atzera zebiltzan herrian barrena. Proba hasi eta 48 minutu pasatxora –48 minutu eta 6 segundora– iritsi zen Hossain Kaanache helmugara, bakar-bakarrik eta pozik. Minutuko aldea atera zion bigarren izan zen Joxean Beledori eta baita Ibai Alba hirugarren sailkatuari ere. Gutxira, 20 segundo eskasera ailegatu zen Aitor Rubio ere –5.en–. Hodei Alkorta izan zen aurreneko aiarra, 55 minutu eta 9 segundoko denborarekin.
Emakumezkoetan, berriz, lehia estu samarra izan zuten hasieratik ia bukaera arte Uxoa Irigoien eta Susana Crespo oriotarrak. Azkenean, baina Irigoien getariarra nagusitu zen, 58 minutu eta 9 segundoko denborarekin. 35 segundora iritsi zen Crespo. Sonia Alonso oriotarra izan zen hirugarren. Aiarrik ez.
Sailkapenak ikusteko klikatu hemen.
Argazki gehiago ikusteko klikatu hemen.