Etxeluze eraikinaren erosketa onartu zuen atzo Orioko Udalak

Gozategi Argentina Tour 2013 2012ko abenduaren 27a

Prozeduraren xehetasun batzuk aldatuta, aho batez onartu zen eraikina erostea. Eraikin horretan dago Orioko gaztetxea

Atzo, abenduaren 26a, urtea bukatu aurreko ezohiko udalbatzarra egin zuen Orioko Udalak. Gai guztiak onartu zituzten, tartean kanpineko bungalowen hornidura eta instalazioa zein enpresak egingo duen eta Etxeluze eraikinaren erosketa; biak aho batez. Aretoa jendez beteta zela egin zen plenoa.

Urriko udalbatzarreko akta aho batez onartuta hasi zuten saioa bertaratu ziren 12 zinegotziek –Elena Etxeberria ez zen izan atzoko plenoan–. Segidan, EAJk bere kexa azaldu zuen kreditu aldaketei zegozkien puntuekiko eta abstenitzea erabaki zuten.

Haien arabera, batzordetik plenora bitartean aldaketak egitea ez da egokia eta, denbora gehiago beharko balitz, onena itxarotea litzateke. Bilduren izenean Beñat Solaberrietak urteko balantzea ixtearen alde egindako aldaketak direla adierazi zien EAJko ordezkariei. Hala, bi kreditu aldaketak 7 aldeko botorekin eta 5 abstentziorekin onartuta geratu ziren.

Kale Nagusiko garapen urbanistikoari dagokion hitzarmen urbanistikoaren aldaketari ere behin betiko onarpena eman zitzaion. Bilduren eta Orainen aldeko 7 boto jaso zituen aldaketak eta EAJ aurka agertu zen aurretik emandako arrazoi berak erabilita. Jon Redondok esan zuenaren arabera, Udala tartean dagoen etxebizitza batzuk tasatu izatetik salmenta libreko izatera ezin dute pasa eta hori da aurka bozkatzeko arrazoia. Beñat Solaberrietak eman zion erantzuna eta neurri hori etxebizitzak egiteko nahitaez hartu behar izan zela esan zuen.

Orioko udal kanpineko bungalowen hornidura eta instalazioaren kontratazioa adjudikatu zuten segidan, aho batez, eta Garnica Plywood Fuenmayor S.L.U. enpresak lortu du adjudikazioa. Enpresa errioxarrak lortu zuen lehiaketa publikoan puntuaziorik altuena eta kontratua esleitu zaio 854.139 eurotako –BEZ eta guzti– diru kopuruarekin.

Atzetik Etxeluze eraikinaren erosketaren gainean eztabaidatu zuten. Hainbat xehetasun eta eztabaidaren ostean, aho batez onartu zen eraikina erostea. Eztabaida beroa izan zen, eta hemen duzue hori ikusteko aukera:

Bukatzeko, EAJren eta Herrira taldearen mozioak onartu ziren. Lehena, EAJren 5 aldeko botorekin eta 7 abstentziorekin onartu zen. Bigarrena, Orain taldeak hala eskatuta, puntuz puntu bozkatu zen, baina puntu guztiak onartu ziren.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide