Soziolinguistika Klusterrak emandako V. Hausnartu Euskal Soziolinguistika Lehiaketako sari nagusia irabazi berri du Iñigo Fernandez Ostolazak, Hizkuntza gutxituen eraginkortasuna pertsuasio prozesuetan. Euskararen kasua EAEn lanarekin.
Pedagogiako EHUko Hezkuntzaren Teoria eta Historia Saileko ordezkari
Pello Jauregik, BAT Soziolinguistika aldizkariko argitalpen batzordekide
eta EHUko irakasle Iñaki Martinez de Lunak, Gipuzkoako Foru Aldundiko
Euskara teknikari Joxean Amondarainek eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza
Politikarako Koordinaziorako Zuzendari Iván Igartuak osatutako
epahaimahaiaren arabera, Fernandezena izan da lanik onena, Xabier Bengoetxea Muxikaren Arnasguneak. Ezaugarriak. Zenbait arnasguneren egoeraren behaketa lanaren eta Urtzi Barrenetxea Iparragirreren Federiko Krutwigen asmo soziolinguistikoa gerraostean (1949-1951) lanaren aurretik.
Urtarrilaren 31n Kursaalean egingo den Euskal Soziolinguistika VI. Jardunaldian jaso behar luke saria Fernandezek, baina bertaratu ezin duenez, besteren batek hartuko dio merezitako saria: 1.500 euroko txekea eta egindako lana propio prestaturiko BAT aldizkariaren zenbaki berezian argitaratuko denaren promesa.
Hausnartu
Euskal soziolinguistika teorikoaren eta metodologikoaren garapena eta berrikuntza ditu helburu Hausnartu lehiaketak. Bide horretan, euskal soziolinguistikarekin harreman zuzena duten ikerlarien lana bultzatu eta hizkuntzaren eta soziolinguistikaren inguruko ikerketen oinarri teorikoak zabaldu eta aberastu nahi ditu.