Urtarrilaren 17an, gaurko egunez alegia, izaten da San Anton eguna. Herri batzuetan ospatzeko ohitura dago, animalien zaindaria baita San Anton.
Hori dela eta, Aian, gaurko partez asteburuan, hilaren 19an eta 20an ospatuko dute beren jaia. Hala, larunbatean, Euskadiko Idi-proba Txapelketako finala jokatuko da Aiako probalekuan 22:00etan. Luberri –Birle–, Ekomet –Mungia– eta Iñaki Lopategi –Birle– izango dira partaideak. Goizeko 10:00etan pisatuko dituzte idiak, zenbateko gainkarga jarri behar zaien jakiteko.
Igandean, 12:00etan hasita, herri kirol jaialdia izango da probalekuan. Giza-proba izango da lehendabizi; Heldu taldekoak harriari tiraka arituko dira 20 minutuz, eta, bitartean, Idoia Etxeberria harri-jasotzaileak harriari jasoaldiak emango dizkio. Heldukoek egiten duten plaza kopurua adina jasoaldi egi beharko ditu Etxeberriak. Atzetik, 20 minutuko zaldi-proba izango da. Sarrerak 5 euro balioko du, taloa edo pintxoa barne.
Horrez gainera, pintxoak, txakolina eta sagardoa banatuko dira herriko plazan. Aiako Idi Probak elkarteak antolatu ditu sanantonak, Aiako Udalaren babesarekin.