Matrikulazio kanpainak martxan dituzte bi ikastetxeek

Gozategi Argentina Tour 2013 2013ko urtarrilaren 17a

Urtarrilaren 28tik otsailaren 8ra egin daiteke aurrematrikula

Atzo, urtarrilaren 16a, matrikulazio kanpainako prentsa agerraldia egin zuen Orioko Ikastolako zuzendariak, Zigor Saizarrek. Han kanpainaren nondik norakoak azaldu zituen eta aurtengo leloa OHI 655 + Zu zergatik aukeratu zuten esan zuen. Saizarren hitzetan 655 ikasle ditu Orioko Herri Ikastolak eta matrikulatzera doan horri egiten diogu erreferentzia Zu horrekin. Guztia matrikula batean sartu dugu eta garai bateko kotxe batean jarri; kotxearekin 40 urteko altxorra, ikastola irudikatu nahi izan dugu.

Ateak irekitako eguna urtarrilaren 19an, goizeko 11:00etan hasita izango da. Ikastolako eraikinak erakutsiko zaizkie bertaratzen direnei eta zalantzak argitzen saiatuko dira. Urtarrilaren 23an gurasoentzako informazio bilerak izango dira, eraikin berriko batzar aretoan –17:00etan euskaraz eta 18:00etan gazteleraz–. Bilera horietan batez ere 2 urteko gelaren funtzionamendua azalduko dute ikastolako ordezkariek. Egun berean egingo dute DBHn matrikulatu nahi dutenentzat ate irekien eguna eta, bezperan, urtarrilaren 22an, arratsaldeko 16:30ean Aiako Kultur Etxean DBHri buruzko informazio bilera izango da.

Zaragueta eskolakoek bi hitzaldi emango dituzte urtarrilaren 22an.Lehenengo hitzaldia Zuek duzue giltza, guraso berrientzako hitzaldia, 17:30ean hasiko da. Hitzaldian hizkuntza ohiturei dagokionez, lehenengo urteak zein garrantzitsuak diren azpimarratuko da. 0 eta 12 urte bitarteko haurrak dituzten gurasoentzat dago zuzenduta.

Bigarren hitzaldia, berriz, Euskera, entra un idioma en casa, 19:00etan hasiko da. Guraso erdaldunak diren etxeetan seme-alabek euskaraz ikasteak suposatzen duenari buruz hausnartzen laguntzea izango du helburu.

Urtarrilaren 26an, larunbata, Zaragueta Herri Eskolako ateak irekita izango dira 11:00etatik 13:00etara. Gurasoentzako aurkezpena egingo da, eta ondoren Eskola ezagutuko dute irakasleek lagunduta. Haurrek, hala nahi badute, salto-gelan, margotegi tailerrean eta informatika tailerrean aritzeko aukera izango dute.Bukatzeko, sarreran hamaiketakoa egingo da.

Aurten gainera, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzaz gain, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ere eskainiko du Zaraguetak. DBHko lehenengo maila egin behar dutenentzako ere matrikula aldia bera izango da.

 

Matrikulazioa

Matrikulazio epea urtarrilaren 28tik otsailaren 8ra izango da. Matrikula goizeko 09:00etatik arratsaldeko 17:00etara egin ahal izango da Zaragueta eskolan eta, ikastolan, berriz, 8:30etik 12:30era eta 14:30etik 18:00etara. Matrikulatu ahal izateko, familia liburuaren eta nortasun agiriaren kopiak eraman behar dira.

Zaraguetaren gaineko informazio gehiago nahi izanez gero, ondoko telefono zenbakira deitu daiteke: 943894052. Ikastetxearen gaineko informazioa www.zaragueta.net helbidean ere aurkitu daiteke.

Ikastolari buruzko informazioa lortzeko, berriz, 943 834 704 telefonora deituta edo www.oriokoikastola.net helbidera jota lortu daiteke.

Danborradak
San Sebastian eguna izango da urtarrilaren 20an, eta, ohitura denez, aurreko ostiralean, urtarrilaren 18an, danborradak egingo dituzte bi ikastetxeetan. Zaraguetakoak izango dira goiztiarrenak, goizez egingo baitute haien danborrada. Goizeko 10:45ean hasiko dira atabalak astintzen HHko ikasleak.

Ikastolakoak, bestalde, arratsaldeko 16:00etan, egingo dute beren ekitaldia. Eguraldi txarra egiten badu, Kiroldegian egingo dute, eta bestela, ikastola aurreko plazan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide