Bi talde txapeldun eskola kirolean

Gozategi Argentina Tour 2013 2013ko urtarrilaren 28a

Urtarrilaren 27an jokatu ziren saskibaloiko finalak

Hiru talde finaletan eta horietatik bi txapeldun; hori izan da aurtengo eskola kiroleko saskibaloi txapelketako balantzea oriotarrentzat.

Bost talde izan zitezkeen oriotarrak finalean, baina, finalerdietan bidean geratu ziren Zaraguetako LH 6. mailako mutilen taldea eta ikastolako LH.5 mailako mutilen talde bat.

Hala, igandean, urtarrilaren 27an, lau finaletatik hirutan izan zen Orioko ordezkaritza; guztiak ikastolako taldeak. Neskak izan ziren goiztiarrenak, 10:30ean hasi ziren bi finalak Zarauzko Antoniano ikastetxeko kiroldegian. LH6ko neskek denboraldiko partidarik gogorrenetako bat jokatu behar izan zuten Zarauzko Ikastolako Txanpiburu taldearen kontra. Falta asko egon ziren partidan, eta, ondorioz, markagailua estu izan zen denbora guztian. Dena dela, zarauztarren defentsako gabeziei abantailak lortuta, 10 puntuz irabazi zuten finala Orioko Ikastolakoek.

Bitartean, txanponaren beste aurpegia ikusi zuten LH 5. mailako neskek. La Salleren aurka jokatu zuten finala oriotarrek, eta ezin izan zuten irabazi. Partida lehiatua izan zen, eta, azkenean, puntu bakar batez galdu zuten beren finala Orioko Ikastolako neskek.

Mutilen txanda 12:00etan iritsi zen. Orioko Ikastolako talde bat kanpoan utzita, ikastetxe bereko beste taldea mendean hartu nahi zuen Orokietako taldeak. Ia partida guztian aurretik izan ziren markagailuan zarauztarrak, baina abantaila ez zen sekula 10 punturainokoa izatera iritsi. Hala, azken laurdenean, Orioko jokalariek bizi-bizi jokatu zuten eta saskira begira gehiago asmatzea lortu zuten, azken minutura puntu bat aurretik jartzeraino. Orokietako taldeak birritan izan zuen partida berdintzeko aukera, baina jaurtiketa libreetan huts egin zuten, eta, ondorioz, oriotarrek irabazi zuten finala puntu bakar bategatik.

Laburpen bideoa egin dute dagoeneko eta hemen duzue ikusteko aukera. Datorren urtera arte itxaron beharko dute alebinek berriz ere saskibaloian aritzeko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide