Auzokonpostarako deia egin du Orio Zero Zaborrek

Erabiltzailearen aurpegia Lore 2013ko urt. 28a, 21:04

Urtarrilaren 30ean egingo dute lehen bilera Orioko Kultur Etxean

Urola Kostako Udal Elkartearen Auzokonposta Auzolanean ekimenari jarraituz, Orio Zero Zabor taldeak ere auzokonposta-guneak jarri nahi ditu martxan Orion. Horrela, komunitatean konpost kolektiboa sortzeko bidea hasi nahi dute, sukaldeko, lorategiko eta baratzeko hondakin organikoak landareentzako ongarri bihurtuz.

Urtarrilaren 30ean, asteazkenarekin, egingo da auzokonpostari buruzko lehen bilera Orioko Kultur Etxean, 19:00etan hasita. Autokonpostari buruzko interesa duen edonor gonbidatu du bertara Orioko Zero Zabor taldeak. Besteak beste, ongarria nola egiten den, auzokonposta-eremuak nolakoak diren... jorratuko dira aurreneko batzarrean.

Autokonposta
Konposta egitea sukaldeko eta lorategi edo baratzeko hondakin organikoak landareentzako ongarri bihurtzea da. Etxeko konposta eginez elikadura-hondarrak eta sukaldeko hondakinak birzikla daitezke, baita inausketako eta lorategiko hondakinak ere. Horiek transformatuta lurrarentzat ongarria lortzen da.

Autokonpostarekin hondakin organikoak lekuan bertan baliatzen dira. Zero Zaborren arabera, etxetik atera gabe, erraustegian erreko litzatekeen hondakin kantitatea gutxitzen da eta hondakinen garraioan energia aurrezten da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide