'Karakoram bizikletaz' bidaiaren kontakizuna urtarrilaren 31n

Gozategi Argentina Tour 2013 2013ko urtarrilaren 29a

Orioko Herri Ikastolan izango da saioa, iluntzeko 19:00etan

Aitor Dorronsoro ikastolako irakasleak eta bidaide izan zuen Joseba Aizpuruk, Karakoram bizikletaz bidaiaren kontakizuna egingo dute urtarrilaren 31n, ostegunarekin, iluntzeko 19:00etan, Orioko Ikastolako batzar aretoan.

Bost lagun izan ziren Pakistango iparraldera egin zuten bidaian. Iaz, 2012an, uztailaren 4tik abuztuaren 30era arte bizikletaz zeharkatu zuten Pakistango iparraldea. Mendikate garrantzitsua da Karakorum –ingelesez Karakoram– eta, tartean, 7000 eta 8000 metroko mendi asko daude. Haien magaletik ibili ziren bizikletaz bost bidaiariak, eta, tarteka, oinezko ibilaldi asko egin zituzten tokiko bailara, glaziar, laku eta mendiez gehiago gozatzeko.

Bidaiaren nondik norakoak
Islamabad hiriburutik abiatu ziren bost bidaiariak, eta, handik, iparralderantz joan ziren bizikletaz. Hasierako etapatan beroa izan zen protagonista eta, hura sufritu ondoren, Kaghan bailarako paisaia menditsuaz gozatzeko aukera izan zuten.

Bailararen muturrean 4500 metrotara dagoen Babussar mendatea gainditu eta Indus ibaira jaitsi ziren –1500 m inguruan–; han, Nanga Parbat –8125 m– menditzarraren magaletik pasa ondoren, Hunza bailaran zehar ibili ziren oinez. Beranduago, iparralderago joan ziren, Txinara hurbilduz, Passu herriko glaziarrak ikusi zituzten eta bertako jendearen atsegintasuna sentitu zuten izan zituzten harremanetan. Berriro bizikletak hartuta, hegoalderantz itzuli ziren bost bidaiariak, eta, bidean, Rakaposhi –7788 m– mendiaren magalera joanda bi egunetako txangoa egin zuten.

Bidaiaren azkeneko bi asteetan Astore bailara, Deosai goi-lautada eta Skardu –K2, GI eta GII mendietara joateko hiri nagusia– ezagutu zituzten. Machulo herrian bukatu zuten haien bidaia, eta, han, Felix-Baltistan fundazioa ezagutuz –Felix Iñurrategiren omenez sortutako fundazioa– bertakoekin astebete egoteko aukera izan zuten, fundazioko proiektuen nondik-norakoak ezagutuz.

Bertako istorioak kontatzeaz gainera, bidaiako argazki eta bideoak erakutsiko dituzte Dorronsorok eta Aizpuruk datorren ostegunean. 

Pergolan
Bestetik, ikastolak kaleratu du bere Pergolan aldizkariaren azken zenbakia. Irakurri nahi duenak, hemen dauka deskargatzeko aukera.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide