Tren istripua izan da eguerdian Orioko geltokitik gertu

Irati 2013ko urtarrilaren 29a

Zauritu arin bat izan da eta tren zerbitzua etenda dago Orion

Gaur, asteartea, 12:15 inguruan, Bilbotik Donostiara arteko ibilbidean zihoan trenak, Orioko geltokira iristear zela –300 metro lehenago– azken egunetako euriak eragindako lurjausi batekin topo egin eta ez du gelditzeko astirik izan. Ondorioz, boggie -ardatz- bat errailetik atera da. Hala, hamar minutuz argirik gabe egon behar izan dute erabiltzaileek tren barruan handik atera ahal izan duten arte.

Ehun inguru bidaiari zeramatzan trenak istripua gertatu den unean, eta horietako batek zauri arinak izan ditu belaunean; dena dela, geltokira iritsi ondoren, anbulantzian eraman dute osasun etxera oinarrizko azterketak egitera. Gainontzeko bidaiari guztiek ere oinez joan behar izan dute Aia-Orioko geltokira Euskotreneko eta Euskal Trenbide Sareko langileen laguntzaz. Ez da erraza izan bidaiariak trenetik errailetara jaistea, izan ere, gehienak edadetuak ziren eta inguruan ez zuten nasarik.

Tren zerbitzua etenda izango da trenean konponketak egin eta berriz errailera sartu arte eta lan horietan ari dira Euskotreneko eta Euskal Trenbide Sareko teknikariak. Batetik, errailean berriz sartu beharko dute trena garajera konpontzera eramateko eta bestetik harriak kendu beharko dituzte. Bide batez baita kalteak zenbatekoak izan diren aztertu, zertan eragin duen ikusi eta azpiegiturak konpondu.

Bien bitartean autobusarekin ordezkatuko dute tren zerbitzua. Zarautz eta Donostia artean eta Orio-Zumaia norabidean, Bilbo artean, izango da aldaketa tren zerbitzua berriz abian jarri arte.

Karkara abisurik gabe
Beste hedabideei eta sare sozialei esker izan dute istripuaren berri Karkarako kazetariek. Behin notizia jakinda, prentsa oharra helarazi digute ETSko komunikazio bulegotik eta tratua zuzena izan da. Dena dela, istripua jazo den tokian izan dugu argazkiak egiteko aukera, nahiz eta ez izan ohiko bidetik.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide