Unai Basurko buru den Pakea-Bizkaia belaontziko azken proiektura batuko da gazte oriotarra. Otsailaren 3an Bilbon hegazkina hartu eta Usuhaiara –Argentina– egingo du hegan, tripulazioarekin elkartu eta proiektuko 3. etapa burutzeko.
Ushuaiatik Montevideo eta Punta del Estera –Uruguai– nabigatuko dute, eta ondoren Brasilera. Bertan belaontzia Ozeano Atlantikoa zeharkatzeko prestatuko dute, eta azken zeharkaldi horrek 3 asteko iraupena izango du gutxi-gora behera.
Martxoa amaieran edo apirila hasieran kokatzen dute Bilbora iristeko eguna. Borjak esan digunez, meteorologiak zeharo baldintzatzen ditu horrelako zeharkaldiak eta beraz, data zehatzak ematea ezinezkoa da. Borja eta tripulazioaren nondik norakoak Pakea Bizkaiaren gune ofizialean jarraitu ahalko dira.
Azken bidaia honetan, Pakea Bizkaia ontzia Antartidan izan da eta helburuetako bat Kepa Acero surflariak bere 5 itsaso proiektuko olatu bat hartzea zen. Ez dute olaturik surfeatu, baina Keparen hitzetan izugarrizko esperientzia izan da, besteak beste, pinguinoekin igerian aritu ahal izatea.