Saria inguruan batik bat plastikoa jaso dute

Irati 2013ko otsailaren 4a

Dozena bat lagun aritu ziren garbiketan

Saria ingurua garbitzeko deialdia egin zuten Herrio Natur taldekoek larunbaterako. Goizean dozena bat lagun ibili ziren lanean tartean Haritzalde eta Herrio natur taldeko hainbat lagun. Gutxi halere, eguraldiarengatik agian, diote Herrikokoek. 

Tarteka aterruneak izan arren euriak eta haizeak gogor jo zuten Saria inguruan. Taldetxotan banatu eta hektarea eskas inguruko eremu baten aritu ziren hondakinak jasotzen. Izan ere, errio bazterra plastikoz josita aurkitu genuen. Tamaina guztietako botilak, polispana, baloiak… eta oro har plastikoa batu zituzten. Plastikoetan errefusa eta plastikoa sailkatu eta bide bazterrean utzi zuten. Usurbilgo Udala arduratuko da hondakinak jaso eta bakoitza tratatuko duten zentroetara bideratzeaz.

Zein da, kaleak garbi, mendiak garbi, ikusten ditugun honetan, ibaiak eta ibai bazterrak hain zikinak egotearen arrazoia? esan dute Herriokoek.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide