Dena prest inauterietarako

Gozategi Argentina Tour 2013 2013ko otsailaren 7a

Bihar eta etzi ospatuko dira Orion mozorro festak

Inauterietarako festa giroa izango da nagusi gaurtik, ostegun gizen egunetik, aurrera. Ikastetxeek beren festak egingo dituzte bihar, ostiralarekin, eta, larunbatean, Orioko Udalak eta festa batzordeak antolatutako festa izango da.

Bihar, goizeko 10:00etan hasita, desfilea egingo dute Zaragueta Herri Eskolakoek. Munduko dantzak da aurtengorako aukeratu duten gaia eta eskolatik herrira egingo dute desfilea eta, bukatzeko, ekitaldi nagusia egingo dute plazan. Han jendearen gozamenerako azken asteotan prestatutako jantziak, koreografiak, karroza… erakutsiko dituzte.

Arratsaldean ikasleen emanaldia, musika, jolasak eta txokolate jana izango dituzte eskolan. Orioko Herri Ikastolak ere arratsaldez egingo du bere inauterietako festa. Honakoa da ikastolaren programazioa:


– 14:30etik 15:45era DBHko ikasleak LHko ikasleentzat antolatutako jolasak.
– Bitartean DBHko txaranga Ikastolaren inguruak alaituz musika jotzen arituko da.
–15:15etik 15:45era HHko ikasleak DBHko txarangarekin dantzan arituko dira pergolan –eguraldi txarra egiten badu, Karela kiroldegian–.
–15:45ean HHko ikasleen kalejira Ikastola aurreko plazan –eguraldi txarra egiten badu, Karela kiroldegian–.
–16:00etan inauterietako pregoia.
–16:05ean LHko ikasleen inauterietako dantza ikastola aurreko plazan –eguraldi txarra egiten badu, Karela kiroldegian–.
–16:15ean Ikastolako gurasoek banatutako txokolate beroa eta bizkotxoak, ikasle, guraso, irakasle eta ikuskizuna ikustera hurbilduko diren herritar guztientzat.

Bi ikastetxeek guraso eta gainerako herritarrei beren festan parte hartzeko gonbita luzatu diete.

Larunbateko festa

Eguerdiko 13:00etan, herriko elkarteetako ordezkariek osatutako epaimahai bat tabernetatik pasako da iaz bezala. Horiek tabernarien eta tabernen dekorazioaren balorazioa egingo dute. Parte hartu nahi duten tabernariek, otsailaren 6a baino lehen eman beharko dute izena.

Arratsaldeko 17:00etan, desfileari hasiera emango zaio. Iaz bezala hitzordua Bikamiotan izango da eta ibilbidea Herriko Plazan bukatuko da. Bidean hiru geldialdi egingo dira; bi arrantzale kalean –Sarasua eta Arkaitz parean–, Ibai Ondon eta Aritzaga kalean –Kutixi parean–.

Iaz bezala Txurrumuski elkartea arduratuko da Inauterietako desfilean dantza erakustaldia antolatzeaz. Horretarako propio asmatutako koreografia izango da aurten ere, eta, jendeak parte hartzeko asmotan, bi entsegu antolatu dituzte. Azkena, bihar, otsailaren 8a, arratsaldeko 20:00etan, Harribil Dantza taldearen lokalean.

Iazko dantza bera da aurten ere, eta hemen duzue ikusiz ikasteko aukera:

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide