Saharautz Elkartasun Taldeak aurten ere egin du elkartasun karabanarako jaki eta bestelakoen bilketa eta Orion ere aritu dira lan horretan.
Besteak beste, herriko ikastetxeetan dilistak, arroza, pasta, atuna eta konpresak jaso dituzte, guztira, 94 kaxa, 1.500 kilo. Horrez gain, Ikastolan ikasmateriala eta 20 inguru ordenagailu eman dizkiete eta Zaraguetan, berriz, liburuak eta ikus-entzunezko materiala ere. LH 6. mailako ikasleak gelaz gela aritu ziren Saharako egoerari buruzko informazioa banatzen Ikastolan, baita kaxa guztiak geletatik hartu eta kotxeetan biltzen ere. Zaraguetan gurasoei ohar baten bidez jakinarazi zieten kanpainaren berri.
Saharautz elkarteko Orioko ordezkariek eskerrak eman nahi dizkiete ikastetxeetako guraso, ikasle eta irakasleei, Udal ordezkari eta langileei, baita jatekoak jaso dituzten dendetakoei ere: Coviran, Eroski, Dia, Loidi, Spar eta Arantxa Arrillagari.