Ez da marroia, birziklatzea beharrezkoa da kanpainaren barruan, Orioko Udaleko Hondakinen Mahaiak antolatuta, hondakinak bereizten ikasi nahi duten herritarrek eta gaur egun bereizten dutenek aukera izango dute, ikastaro baten bitartez, ondo birziklatzen ikasteko.
Ikastaroan materia organikoa birziklatzearen garrantziaz hitz egingo dute, edukiontzi marroiaren erabilera azalduko da eta jendeari erakutsiko diete, baita ere, nola bereizi gainontzeko hondakinak: beira, papera, ontzi arinak, ehunak… Birziklatzeak dakartzan onurak ere azalduko dira.
Lau egun aukeran
Ordu erdi pasatxoko ikastaroak izango dira. Orioko kultur etxean, 19:00etan, otsailaren 11, 13, 19 eta 21ean –azken hori, gaztelaniaz–. Ez da aldez aurretik izena eman behar. Nahikoa da egun horietako batean Kultur Etxera agertzea esandako orduan.
Ikastaro honekin Orioko udalean ordezkaritza duten hiru taldeek –Bildu, EAJ eta Orain– eta Orio Zero Zabor taldeak osatutako Hondakinen Mahaiak irailean abian jarritako kanpaina jarraitu nahi dute. Kanpainak bi helburu nagusi ditu:
-
Orioko birziklatze tasa handitzea.
-
Birziklatzea errazteko baliabideak ematea herritarrei.
Urrian jarri zuten martxan kanpaina, hondakin organikoa bereizteko ontziak banatuz. Azaroan, arrandegietan erabiltzen diren paper eta plastikozko poltsak murrizteko eta bestelako ontzi edo tuperrak erabiltzea bultzatzeko Ontziratu zaitez ekimena jarri zuten abian Urola Kostako Udal Elkarteak, Kutxa Ekogunearekin eta eskualdeko arrandegiekin elkarlanean eta 1410 tuper banatu zituen doan Orioko Udalak.
Beraz, hondakin gutxiago sortu eta sortzen dena ahalik ondoen banatu eta toki egokira botatzen ikasteko izango dira saio horiek.