Otsailaren 16an Gaitza, Kenon, Arrautz ustelak eta Silikosis taldeen kontzertua izango da gaztetxean

Irati 2013ko otsailaren 8a

Gaitza taldekoek "Begiak ireki" diskoa eta "Ondorena" abesti bilduma jarri dituzte interneten doan jaitsi nahi dituztenentzat

Azken kontzertua 2006ko ekainean ustekabean egin ondoren, lagun askoren eskariz, Gaitza taldeak beste kontzertu bat eskainiko du otsailaren 16 gauean Etxeluze gaztetxean. Taldekideon artean hitz egin, data aukeratzen eta entseatzen hasi eta iaz jotzeko asmoa bagenuen ere, nahikoa prestatu ez 2013ko otsailaren 16a aukeratu genuen kontzerturako, egun horretan, gainera, Julen Saizarrek 30 urte beteko lituzke eta larunbata izanik aproposa iruditu zitzaigun, azaldu du Mikel Arantzabal taldekideak.

Kontzertua aurrez girotzeko asmoz Gaitza taldekoek Begiak ireki diskoa argitaratu zutenetik eginiko eta lokalean grabatutako 13 abestien bilduma jarri dute interneten, Ondorena izenarekin. Mikel Arantzabalen esanetan, abestiek ez dute soinu aldetik kalitate handirik, baina nahi duenak disko hori eta Begiak ireki doan jaisteko aukera du.  

Kontzertu horren harira, dagoeneko desagertutako Orioko beste hiru talde batuko zaizkie emanaldira: Arrautz ustelak, Kenon eta Silikosis. Pixkanaka indarra hartzen joan zen ekitaldia eta hainbat lagunen ekimenez, egitarau bat osatzen hasi ginen. Kontzertu soil bat izateko asmoz hasi zena Julenentzako omenaldi xume bat izatera pasatuko da. 30 zorion, dio Arantzabalek.

Egitaraua

  • 17:30ean, Kultur Etxean: 2002ko azaroaren 30ean Julen Saizarren omenez kiroldegian egindako ekitaldiaren bideo emanaldia.

  • Ondoren, herrian barrena, triki-bertso poteoa.

  • 22:30ean, Etxeluze gaztetxean: Kontzertua –Arrautz ustelak, Gaitza, Kenon eta Silikosis–.

    Afaltzeko ogitartekoak egongo dira salgai gaztetxean. 

 The RomanticosThe Romanticos Kalakarin

Bestalde, kontzertua izango da otsailaren 15ean, ostiralean, Kalakari tabernan, 22:30ean. The Romanticos taldea arituko da. The Romanticos hirukotea Iker Piris –ahotsa eta gitarra–, Xabier Barrenetxea –baxua–, eta Hilario Rodeirok –bateria– osatzen dute.  60/70 hamarkadetako funk musika, Rhythm & Bluesa eta Chicago blues modernoagoa uztartzen dituzte beraien kantuetan. 2012an kaleratu zuten My time lana Gaztelupeko Hotsak etxearekin eta hori aurkeztuz kolorez, sentimenduz eta sorpresaz betetako kontzertua eskainiko dute erritmoz eta soinuz lagunduta.

 



 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide