Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II.a harri jasotzaile aiarra ordu erdiko marka jartzen saiatu zen igandean, Mendaron, bi harri zahar erabiliz; Pedro Mari Txurruka Aritza XX. mende hasierako harrijasotzaile mutrikuarrak erabiltzen zituen harriekin. Ez zen saiakera hutsean gelditu, marka jarri baitzuen herri-kirol jaialdian.
Izeta II.a hainbat marka jarri eta ondutakoa da eta oraingo erronka, Aritzaren harriekin aritzea izan zen, bi harri zahar erabiliz ordu erdiko marka jartzea. Hamar inguru harri zituen aukeran eta horietako bi hautatu zituen Izeta II.ak: 137 kiloko lauki-zuzen zaharra –marka jarri aurretik pisatu eta 135 kilo 600 gramo eman zituena–, eta bere garaian 100 kilo zen kubikoa –95 kilo eta 600 gramo igandean eta erabat kubikoa ez dena neurrietan–. Biak orain dela 100 urte Basurko harginak eginak eta plazetan asko ibilitakoak. Pisuak, hala ere, ez zuen aparteko garrantzirik, denborak baizik. Izetaren asmoa 137 kiloko harriarekin 15 minutuko lana egitea zen eta denbora tarte hori amaitutakoan atsedenik hartu gabe hasi eta bigarren harriarekin beste horrenbeste egitea.
Hanka-hutsik aritu zen Izeta II.a heldulekurik gabeko harriak altxatuz. Lehenengoari 45 altxaldi eman zizkion eta bigarrenari, berriz, 73; guztira, beraz, 118. Saioaren ondoren adierazi zuen lan gogorra izan arren 115etik 120ra altxaldi egin nahi zituela eta etxean egindakoa plazara eramanda gustura zegoela, nahiz eta jakin horrelako markak egiteko sufritu beharra dagoela.
EITBk emandako Izetaren markaren berri bideo honetan ikus daiteke.