Munduko zapatak ikusgai Kultur Etxean

Irati 2013ko otsailaren 11

Otsailaren 22ra bitartean egongo da erakusketa

Armairuetan zapata asko izan ohi dira gordeta, negurako zein udarako, baina oinetakoak sobera ikusteko aukera otsailaren 22ra bitartean jarritako erakusketan izango da Kultur Etxean. Oinetakoen historia eta erabilera oso-oso aspaldikoa da. Hasierakoak ondu gabeko larruz egindakoak hankari uhal batzuen bidez lotutakoak.

Antzinako Grezian eta Erroman denek ez zituzten oinetakoak erabiltzen. Homeroren heroiak, esaterako, oinutsik joaten ziren borrokara. Erroman, berriz, emakume aberatsak oinetakoak jantzita ateratzen ziren beti kalera, ez bazen hiletetako segizioetan. Erromako soldaduek, bestalde, sandaliak eta zango erdirainoko botak erabiltzen zituzten, normalean.

Arabiarrek sandalia baldarrak erabiltzen zituzten hasieran; baina, gero, teknika fintzen joan ziren  babutxak sortzeraino.

Erdi Aroaren hasieran bota erdia erabiltzen zen gehiena gero, babutxak erabiltzen hasi ziren eta, XIII. menderako punta luzeko botinak. XV. mendearen bukaeran agertu ziren bota altu eta ajustatuak eta garai berekoa da, baita ere, punta karratuko zapata.

Hortik aurrera, era askotako zapata motak erabili izan dira historian, garaiaren eta tokiaren arabera: kanpai erako bota, takoidun zapata, oinetako lazodunak, trabilladunak, motzak, luzeak…

Benetako eskalan

Erakusketa honetan mundu osoko oinetakoak ikus daitezke: hasi zaharrenetatik eta gaur egungoetara arte. Erakusketak kultura eta toki askotako oinetakoak biltzen ditu: Egipto, Israel, antzinako Erroma, Grezia zaharra, Turkia, Pakistan, India, Japonia, Txina, Ingalaterra, Ipar Amerika, Hego Amerika, Afrika, Europa…

Modeloak benetako eskalan eginda daude material ugari erabiliz; gehienak, hala ere, Mâché paperarekin egindakoak.

Astegunetan 10:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 20:00etara bisitatu ahal izango da erakusketa.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide