Donostia eta Orio arteko GR 121a egokitzeko proiektua egin dute

Irati 2013ko ots. 12a, 12:08

Ingurumena babestearen aldeko taldeek proiektuarekin ezadostasuna azaldu dute.

Donostia eta Orio Igeldo hegaletik elkartzen dituen GR 121a oinezkoentzako egokitzeko proiektua egin dute Ingurumen Ministerioan. Panel informatiboak, egurrezko zubitxoak eta eustekoak jarriko dituzte eta lurra hobetuko dute 13,6 kilometroko luzera eta 1,2 metroko zabalera dituen bidea oinezkoek eta txirrindulariek erabiltzeko. Horrez gain, Orioko hondartza inguruan bi behatoki egingo dituzte eta atseden gune bat –mahai eta aulkiekin– ibilbidearen erdi aldean. Horretarako 4 milioi euro gastatuko dituzte. 

Gaur egun hiru ibilbide daude Igeldo mendian barrena Donostiatik Oriora edo alderantziz joateko:
  • Hormigoizko bidea, Orioko Bentatik pasatzen dena eta motordun ibilgailuak pasa daitezkeena.
  • Itsas hegaletik, kostako Santiago bidetik, igarotzen dena.
  • GR-121eko etapa, egokituko dutena.
Proiektua egin dutenek hirugarren aukeraren alde egin dute itsasotik gertuago egonik paisaiari dagokionean egokiagoa delako.

Honako 8 zati zehaztu dituzte bidean barrena:

  1. 1,9 km. Tenis pasealekutik Erregenea urbanizaziora eta Marbilerako bidegurutzera. Seinaleak jarri eta balizatu. Barbileko bidegurutzetik Leku Eder hotelekora 200 metroko bide zati bat egokituko dute.
  2. 1,4 km. Igeldorako bidea eta Itsasorako bidegurutzean Tximistarrira desbideratu.  Seinaleak jarri eta balizatu. Behatoki bat jarri mahai panoramikoarekin elementu geografikoak irudikatuz.
  3. 1,3 km. Lurmanda etxeko bidegurutzetik Arritxuloko irteerara doan bidea okerren dagoena da. Zorua egokitu, bidea zabaldu eta isurketak batzea aurreikusi dute. Baita erretenak saihesteko bi  pasabide jartzea.
  4. 0,9 km. Arritxuloko irteeratik Lapabideko irteerara atseden gunea.1,2 metrora zabaldua eta hartxintxarrez zolatua.
  5. 1,7 km.  Lapabideko irteeratik Agiti baserrira hormigoi pista. Seinaleak jarri eta balizatu.
  6. 1,2 km. Agiti baserritik Egiluze baserrira. Lurra egokitu eta bidezidorra zabaltzeko sastrakak kendu. Enbor zatiekin eskailerak eta pasabideak egin maldak eta erretenak saihesteko.
  7. 3,2 kms. Ibilbideko zatirik konplexuena, bestak beste hainbat kable daudelako. Egiluze  eta Mutegizar baserrien artean. 18 metroko malda saihestu behar da kableen laguntzaz eta hainbat erreten daude orain, batzuk itsasora artekoak. Proiektuaren arabera egurrezko eskailera mailak eta eskubandak jarriko dituzte lekurik zailenetan baita 16 metroko pasabide bat ere.
  8. 1,8 kms. Orioko hondartzara arteko hormigoizko pistara doan zatia. Bi behatoki panoramiko egingo dituzte.

Natura zaleak ez ados

Horren harira Haritzalde Naturzaleen Elkarteak uste du lan hori ez dela beharrezkoa; eta badela beste non gastatu 4 milioi euro.

Iritzi hori sostengatzeko honako arrazoiak eman ditu Haritzaldek eta Herrio natur taldea ere bat dator arrazoi horiekin:

  1. Donostiatik Oriora itsasoari begira joateko beste bi bide daude: asfaltatutakoa bat eta Santiago bidea. Biak dira egokiak oinezkoentzat zein txirrindularientzat.
  2. GR121a da Donostiatik Oriora joateko dauden 3 bideetan basatiena. Oinez ibiltzeaz gain, naturaz gozatzea gustuko dutenentzat 3 bideetatik hau da egokiena. Bide hau pasabidez, zubiz eta zoladura egokituz atontzen badute, Santiago Bidea egiten dutenek beste bide bat aukeratzeko aukera izango dute, baina naturazaleok gure bidea galduko dugu.
  3. Zer irabaziko du Donostiak, ekimen horrekin? Akaso turista gehiago erakarriko ditu Donostiara? Ez. Ekarriko du, 2 bideren artean aukeratu beharrean, 3 bideren artean aukeratu ahal izango duela, paseatzera aterako den ibiltariak. Botak jantzi ohi dituen mendizalea zapatak jantzita atera ahal izango dela etxetik, Oriora joateko.
  4. Asfaltatzea edo hartxintxarra botatzea, ibilbidea hobetzea da? Nola hobetu daiteke mendiko lurra? Alde Zaharreko etxeak eraikitzeko erabili zen Igeldoko harria, ez da orain ibiltzeko egokia!
  5. Beldur gara. GR121ak Hyla meridionalis-en habitata hartzen du bete-betean –eta arrabioarena, baso igel gorriarena, eta hainbat landare-espezie bereziena– eta lurra “hobetuta”, bidea zabalduta, eta mendiko etorbidea bihurtuta, ez dakigu nola eragingo dion.
  6. 4 milioi euro gastatu behar badira, gasta ditzala Ingurumen Ministerioak Natura sustatuko dituen ekimenetan. Eta Mendizorrotzen gastatu nahi baditu, esaterako, atondu dezala ingurua merezi duen babes-maila lortzeko, edo Agitiko kala berreskuratu dezala eta garai bateko aintziratxoa –non Hyla meridionalis ugaltzen zen– birsortu dezala, edo landare inbaditzaileak ezabatu ditzala... Eta Donostiako beste nonbait bada, Urumean inbertitu dezatela ibai-parkea bultzatuz edota uholde lautadak naturarentzat berreskuratuz, edo Donostiako eraztun berdea sustatuz, edo Lau Haizeta parkeari bultzada emanez, edo... Eta inguruko herrietan izan badaiteke, Oriako itsasadarra berreskuratzen gastatu dezatela, Motondotik hasita, adibidez, Plaiaundiko kirol pistak beste norabait eramanez eta hezegunea berreskuratuz, Gaintxurizketako korridore berdean...

Beste zalantza bat ere adierazi dute, baita beste galdera bat egin ere: Donostiako Udalaren gain geldituko omen da GRaren mantenua... zergatik ez du orain arte bere mantenua egin, eta zergatik egingo du hemendik aurrera? Zuetako zenbatek egin duzue Donostia-Orio zatia, GR121etik? Horrela hobetu beharra ikusi al diozue?

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide