Frantziako Justizia Garikoitz Aspiazu, Aitzol Iriondo, Jurdan Martitegi, Mikel Carrera, Oihan Barandalla,Alaitz Aramendi, Ander Mujika, Luis Ignacio Iruretagoiena, Aitzol Etxaburu eta Itziar Plaza epaitzen ari da gaur Parisen.
Egitekoak ziren eraso baten harira epaitzen ari dira ETAko kideak, eta barkamena eskatu diote epaiketan Orioko familia bati. Izan ere, hiru egunez bahituta izan zituzten Landetako kanpin batean atentatu batean erabiltzeko furgoneta lapurtzeko, gero erabili ez bazen ere. Eragin ahal izan zaien kaltea sentitzen duela esan nahi die ETAk Orioko herritar hauei. Hitzok zabal daitezke, hauek bezala, gatazkan inolako ardurarik izan gabe, ETAren ekinbidearen ondorioz kaltetuak izan diren herritar guztiei, adierazi du Garikoitz Aspiazuk irakurritako adierazpen baten bidez.
Naiz.info-k horren berri emanez kaleratutako albistearen arabera, epaiketa baliatu dute auzipetuek, ETAren izenean konponbidearen aldeko mezua helarazteko: Etsaiari aurre egiteko erakutsi dugun ausardia eta erabakitasunarekin jardungo dugu konponbide prozesua bururaino eramateko, eta gaineratu du gatazkarekin zerikusia ez duten herritarrei eragindako mina sentitzen dutela.
Oraindik ixteko dauden zauriak asko sakonak eta mingarriak direla aitortu du ETAk, baina erantsi du denen ardura dela horiek sendatzea.