Bi urteko geletan 94 ume matrikulatu dituzte datorren ikasturterako

Irati 2013ko otsailaren 21a

Orioko Herri ikastolan sekula izan den matrikulazio kopururik altuena da. Zaraguetan aurten jarriko dute martxan lehen aldiz DBHko gela.

Otsailaren 8an bukatu zen herriko bi ikastetxeetan matrikulazio epea datorren ikasturterako. Orioko Herri Ikastolan 81 umek eman dute izena: bi urtekoak 71, hirukoak sei, laukoak bi, eta bosteko eta lehenengo mailarako bana. Bi urtekoak Zaragueta Herri Eskolan 23 dira, lehen hezkuntzan 5 eta DBHn 15.

Ikastolan sekula izan den bi urteko ume kopuru handiena izango da, orain arte 56 umekoa izan baita. Zigor Saizar zuzendariak adierazi duenez, krisi garaian ere gurasoek Ikastola aukeratzea izugarria da guretzat. Murrizketen aurrean erantzun egokia ematen saiatuko gara. Linea berrien eskaera egin dute Hezkuntza Sailean. 2009an eraikin berria egin zenez espazioa badugu eta irakasleak ere badaude, dio Saizarrek. Orain erantzunaren zain daude.

Zaraguetan aurreko urteetako kopuru berdintsua izan da. Matrikulatzeko haur gehiago egonik, beharbada  kopuru handiagoa espero genuen, hala ere, bi gela osatu ditugu orain arte bezala eta ongi, dio Juanjo Zubizarreta zuzendariak. Bestalde, aurtengoa da DBHko gela jarriko duten lehen aldia. Orain arte ikasketak han egin dituzten 14ek jarraituko dute eta beste bat gehituko zaie. Obrak eginda sei gela berri ditugu, eta, orain DBHko gela bat izan arren, hurrengo ikasturtean bi egongo dira. Beraz, beharrak asetzeko nahikoa gela ditugu, dio Zubizarretak. 

Haurreskolan toki gehiago
Maria Maestra haurreskolan, toki bakarra zegoen eta guraso gutxi joan dira matrikulazio garaian jakinaren gainean zeudelako gehienak. Horren aurrean Udalak eta haurreskolako gurasoen batzordeak jakin nahi dute zenbat diren irailean hasiko den datorren ikasturtean umeak haurreskolara eraman nahi dituztenak. Plaza kopurua handitzeko premia egongo balitz, Haurreskolen Partzuergoari eskaria bideratuko liokete. Horretarako haurreskolako zerrendan eman beharko dute izena. Hala ere, horrek ez du matrikulazio ofizialaren baliorik izango, Udalak premien balorazio zehatzagoa egin ahal izateko baino ez da izango. Zerrendan izena emateko epea otsailaren bukaera artekoa da. Otsailaren 14an Udaleko ordezkariek herriko gurasoekin batzarra egin zuten Kultur Etxean eta 18 haurren gurasoak agertu ziren hara, horrek erakusten du, beraz, gaiarekiko kezka badagoela. Zerrenda osatutakoan Udala berriro bilduko da Partzuergokoekin, gaia aztertzeko eta, beharrezko balitz, plaza-kopurua gehitzea eskatzeko.

San Nikolas haurtzaindegian, berriz, 19 ume daude orain eta 22-24 artean hartzeko prest daude. Umeak lau hankatan ibiltzen hasten direnean eraman ditzakete gurasoek hara. Informazioa haur eskolan bertan jasotzeko aukera dute.

 

StatCounter - Free Web Tracker and Counter



Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide