Ostiralean inauguratuko du "Mendi"k "Argizaiola… Argitzaletan" erakusketa

Irati 2013ko otsailaren 26a

Inaugurazioan Urko Menaia kantaria eta Miguel Caldentg txalaparta jotzailea izango dira

Antxon Mendizabal Mendi eskultore eta tailugile oriotarrak, Argizaiola… Argitzaletan erakusketa jarriko du ikusgai Kultur Etxean martxoaren 1etik 15era bitartean. Erakusketaren inaugurazio ekitaldia martxoaren 1ean, ostiralean izango da 17:30ean eta Antxon Mendizabalez gain, Urko Menaia kantariak eta Miguel Caldentg txalaparta jotzaileak hartuko dute parte.

Argizaiolak beti izan ditu gustuko Mendik. Argizaiolak duen itxura antropomorfikoak, bere zentzu sinboliko eta espiritualak atentzioa eman didate, adierazi du. Lanbidean hasi zenetik erreferente bilakatu dira bere lan jardunean. Lehen salmenta, artean Eibarren ikasle nintzela, argizaiola bat izan zen.

Luis Pedro Peña Santiagok eta Joxe Miel Barandiaranek egindako lanetan, argizaiolek argizari ohol arrunt batez harago duten esanahia ageri zen nabarmen Antxon Mendizabalen esanetan. Ikerlarien arabera, argizaiolek hildakoaren arimak gure bizitzaz haraindi izan lezakeen balizko iraupena irudikatuko luke. Zenbait kasutan, oholtxoari gizakiaren burua, besoak eta gorputza antzeman dakizkioke argiro, astro-ikurrez hornituak ageri direlarik maiz, dio Mendik.

Argizaiolaren jatorria XVI. mendean edo XVII.aren hasieran kokatu du eta San Telmo museoan dauden argizaiola zaharrenak aro barrokoan. Garai hartan elizako aulkien ondoan jartzen ziren, hildakoari egiten zitzaion otoitzari nola edo halako laguntza egiten ziotela. Bestalde jakinarazi du Amezketako elizan ohitura honek bizirik dirauela oraindik ere. Baina denboraren poderioz, argizaiola bere dekorazio alderdia -baita bere jatorrizko silueta ere-, galtzen joan da lauki soil bat bilakatu arte.

Erakusketa honen bidez omenaldia egin nahi izan dio, irudi antropomorfiko misteriotsu eta, hein batean, ulergaitz honi. Hainbat ikuspuntu abstraktu-figuratibo eta abangoardistatik ikertuz eta interpretatuz beti ere. Lan abstraktu-geometrikootan, itxura antropomorfikoek duten antzari eutsi nahi izan diot, gehienetan behinik behin, bere silueta misteriotsua eta kandela sinbolikoa jasoz. Horretarako, eskulturan, su-argi mitologikoari erreparatuz, bere alde estetikora lotzen ahalegindu da. Eskulturak goresten dituen argi eta itzalen arteko jolasa sortu dut, eta horren bitartez su-etxeari… su-eskulturari zentzu bikoitz sinbolikoa eman diet. Hau dela eta, erakutsi ez ezik lanak argitzeko aukera ere izan dut.

Antzinatasuna eta modernitatea nahastea erronka izan da beretzat. Artisau-argizaiola, bere interpretazio artistikoa bide, artisautzatik artera… artisautzaren artea, adierazi du.

Erakusketa Luis Pedro Peña Santiagori eskain i dio, bere La Argizaiola Vasca liburua ezinbesteko gidaliburu suertatu baitzaio.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide