Gaur, otsailak 27, Saharar Errepublika aldarrikatu zuteneko urteurrena da, eta udaletxean ekitaldia egin dute Mendebaldeko Saharari babesa emateko. Ikastetxeetako, Udaleko, Arkupeko, Saharautz-Orioko eta Saharako ordezkariak izan dira ekitaldian. Saharari buruzko azalpenak eman ondoren, tea, datilak eta galletak eskaini dizkiete bertaratutakoei. Ondoren, Saharako bandera eta ikurrina udaletxeko balkoian jarri dituzte.
Ahmed Labeidek, orion bizi den sahararrak, Sahararen berri eman du udaletxean egindako hizketaldian. Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa Mendebaldeko Saharan osatutako estatua da. Espainiak Saharako bere koloniatik alde egin ondoren, 1976ko otsailean Marokok eta Mauritaniak okupatu zuten. Fronte Polisarioak abiatutako nazio askapeneko gerraren ondorioz,1979an Mauritaniak lur horretatik alde egin zuen, eta Marokoren esku utzi zuen eskualde osoa. Fronte Polisarioak independentzia aldarrikatu zuen ondoren. Mauritaniako gobernuak 1979an bake hitzarmen bat sinatu zuen Fronte Polisarioko buruzagiekin, baina Marokok bere gudarostea eta kolonoak zabaldu zituen Mauritaniak utzitako lurraldera. 1980. urtetik aurrerako urteetan gerran jarraitu zuten sahararrek Marokoko gudarostearen aurka, eta 1988an erreferendum bat egitea erabaki zuen Nazio Batuen Erakundeak Mendebaleko Saharan, 1974an espainiar agintariek egin zuten errolda abiapuntu gisa hartuta. Ez da oraindik erreferendumik egin, etengabe oztopoak jarri baititu Marokoko gobernuak. 1989an hautsi egin zen urtebete inguruko su-etena, Saharako biztanleen erreferendum baterako negoziazioak bertan behera gelditu zirenean. 1992an Nazio Batuetako ordezkariak izan ziren bertan, Sahara estatu burujabe izatea edo Marokoren mendean geratzea erabakitzeko erreferenduma prestatzeko, baina oraindik ez da egin.
Hiriburua Aaiun da, baina hau Marokok okupatu zuenetik Bir Lehloura mugitu zen. Hala ere, Tindoufeko kanpamenduetan bizi dira errefuxiatu gehienak.