Martxoaren 2an izango da Arraun eguna eta Oriako jaitsiera

Irati 2013ko otsailaren 27a

Ostiralean gonbidatuek eta igandean herritarrek ikusi ahal izango dute Arraunetxe

Orio Arraunketa Elkarteak, Arraun Egunaren aitzakian asteburu osorako ekitaldiak antolatu ditu martxoaren 1, 2 eta 3rako. Arraun saioak larunbatean izango dira, baina asteburuko ekitaldi nagusia Arraun eta Piraguismo Teknifikazio Zentroaren irekiera izango da, ostiralean, 19:00etan.

100 urte baino gehiagoko arraun historiari aitortza egiteko baliatu nahi dute zentro berriaren irekiera aurkezpenean Joxe Angel Iparragirrek adierazi zutenez. Ekitaldi xumea izango da, ordu eta laurden inguru iraungo du eta Orioko arraun historiaren errepasoa egingo da. Orioko Udalak  herritarrak gonbidatu nahi ditu ekitaldira, bereziki, Orioko arraunaren historian partaide diren eta izan diren arraunlariak, familia artekoak, prestatzaileak, laguntzaileak eta elkartearen bueltako jendea han izatea nahi genuke

Babyauto bandera

Larunbata izango da, baina, Arraun Eguna. Goizean, hamaiketan, Arraunari buruzko bideo emanaldia egingo dute Salatxo aretoan eta ordu berean umeentzako puzgarriak izango dira Herriko Plazan.

Arratsaldean, 17:15ean estropada egingo dute errioan. Arraunketa egokituan Edorta De Antak Juan Pablo Barciaren aurka; zortziko beteranoetan Orioko 1990eko hamarkadako zortziko irabazlea, Arraun Lagunak, Olimpic de Barcelona eta Santoñako zortzikoen aurka; piraguismoan, berriz,  Euskadiko rankingeko lehen lau neska-mutilak arituko dira.

Ondoren, 18:00etan Oria Ibaiko 19. jaitsiera, Babyauto bandera izango da jokoan. Guztira, 62 traineru izango dira eta ia 900 arraunlarik hartuko dute parte. Ibon Maza Babyautoko ordezkariak Orioko Udala eta Arraunketa Elkartea eskertu zituen aurkezpenean aurten ere aukera eman dielako elkarrekin egoteko: zentro berriarekin ACTn elkarrekin egotea oso aukera polita izango da eta gu ere oso ilusionatuta gaude.

Ibon Huegun elkarteko presidentea harro agertu zen horrelako proba bat prestatzeak eskatzen duen lanari zenbat klubek erantzun dioten ikusita, baita herritarrak laguntzeko prest azaldu direlako ere. Proba hau neguko egutegian ongi finkatu da eta balore handia ematen ari gara. Huegunek jakinarazi zuen Euskal Herriko ia talde guztiez gain, Kanariar Uharteetatik etorriko da talde bat, beste bost edo sei Kataluniatik eta Valentzia eta Alacantetik ere etorriko direla arraunlariak.

Estropada eremua Aginagatik Oriora bitartekoa izango da, guztira 6.000 metro. Jubenilek, beteranoek eta emakumezkoek 4.000 metro egingo dituzte. Emakumeen 10 talde etorriko dira eta presidenteak hauen parte hartzea baloratzekoa dela azpimarratu zuen. Seniorretan, berriz, 36 traineru izango dira. Huegunek berezitasun gisa aipatu zuen lehen Llagut ontziekin etortzen zirela kanpotarrak eta aurten hiru baino ez direla izango, gainontzekoek traineruak erabiliko dituztelako beraiek hala nahita.

Beñat Solaberrietak Babyauto eskertu zuen Arraunketa Elkartea babesten jarraitu duelako, Ibon Huegun eta Arraunketa Elkarteari ere asteburuko proba antolatzeak atzetik lan handia duelako. Alkateak emakumezkoen presentzia ere azpimarratu zuen: emakumezkoen presentzia oso garrantzitsua da kirol probetan, pixkanaka igotzen doa eta errotu egin nahi da.

19:00etan sari banaketa egin eta gero Orots musika taldearen saioa izango da plazan, baita 23:00etan ere. Jan edana eta musika, beraz, ez dira faltako Herriko Plazan eta porra asmatzaileen arteko zozketa ere egingo dute plazako ekitaldiaren ostean.

Iganderako ergometro txapelketak antolatu dituzte, arraunean  eta piraguismoan, Arraunetxe teknifikazio zentroan, 11:00etan hasita. Ordu berean irekiko dituzte ateak herritar guztientzat zentroa bisitatzeko.

Arraun Eguneko kartelaKarteleko irudia

Arraun Eguneko karteleko irudiak badu istorio berezia. 70. hamarkadan Pedreña nabarmendu zen tostako arraunean eta erregimen berriaren talde kuttuna zen gainera. 1946an Donostiako estropada irabazi eta beste estropada bat jarri zuten Santanderko uretan.Oriotarrak irabazteko esperantza handirik gabe joan arren lehenengo izan ziren Oriorentzat eta Gipuzkoarentzat. Omenaldi gisa ongi-etorri jendetsuez gain, Antton Valverderen irudi hau jaso zuten. Aurrerantzean Arraun Eguneko kartelean irudi hori jarriko dute.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide