Kilometroetako lelo bila ari da Ikastola

Erabiltzailearen aurpegia Lore 2013ko mar. 4a, 09:21

2014. urteko kilometroak Oriok hartuko duela ofizial egin du Orioko Herri Ikastolak

Itsaso zahar, olatu berri leloak 10 urte egitean, Oriora bueltatuko da Gipuzkoako Ikastolen festa handia: Kilometroak. Albistea oriotarren artean ahoz aho ibili bada ere, martxoaren 1ean egindako agerpenean egin zuen berria ofizial Orioko Herri Ikastolak. 

Ilusioz eta pozez adierazi zuten Ikastolako ordezkariek –Zigor Saizar zuzendariak, Gema Etxabe lehendakariak eta Joseba Orella Orioko Kilometroetako koordinatzaileak– lanean hasita daudela. Eta bide horretan, lelo bat bilatzeari eman diote lehentasuna.

Auzolana eta parte-hartzean oinarrituta, herritarrei eman nahi diete hitza, edo, arkatza, kasuan. Ikastolen eta euskararen aldeko jaiak sortutako iritzi eta sentimenduak paperera ekarri eta proposamenak Ikastolari jakinaraztea nahikoa izango du parte-hartu nahi duenak. Hiru bide izango dira horretarako:

  • orio@ikastola.net helbidera idatzita
  • www.oriokoikastola.net webgunean jarriko den loturaren bitartez
  • Orioko Herri Ikastolako idazkaritzan ere utz daiteke proposamenak, 08:30etik 12:30era eta 14:30etik 18:00etara.

2013-Kilometroetako logo bilaLeloarekin batera, hizki-sorta horren sortze-historia edota azalpenen bat ere eman dezake hala nahi duenak.

Martxoren 22a arte jasoko dituzte ahoz aho transmitituko den lelo bizi eta egokirako proposamenak.

Segi lanean

Logoaren bilaketa horretara herritar guztiak gonbidatuta, lanean jarraituko dute Kilometroak gurera ekartzearen arduradunek. Joseba Orellak prentsaurrekoan adierazi zuenez, laster azalduko dituzte proiektuaren nondik norako nagusienak eta Ikastolen jaia antolatzeko behar-beharrezkoa den auzolan horretarako deialdi irekia ere epe ertainean egingo da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide