Inauguratu dute Arraunetxe

Erabiltzailearen aurpegia Lore 2013ko mar. 5a, 09:28

Orioko arraun historiari aitortza egin zitzaion martxoaren 1eko ekitaldian

Martxoaren 1arekin, ostiralarekin, inauguratu zuten arraun eta piraguismo jirako hainbat eta hainbat ordezkarik, herritarrek, arraunlarik, piraguistek... Arraunetxe Arraunketako eta Piraguismoko Teknifikazio Zentroa. Arratsaldeko 19:00ak pasatxo zirela hasi zuten ekitaldia, Arraunetxeko azken solairuko erabilera anitzerarako 600 metro koadroko gela jendez lepo zegoela. Bertan izan ziren, besteak beste, Beñat Solaberrieta Orioko alkatea; Igor Iturain, Aiako alkatea; Jon Redondo, Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendaria; Ikerne Badiola, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirola, Kultura eta Gazteria diputatua; agintariei dagokienez. Babesleen artean, besteak beste, Kutxako Gizarte eta Komunikazio alorreko zuzendari Karlos Ruiz; eta Orioko arraunaren historian izen propioa duten Peter Karres, Inazio Sarasua, Jose Luis Korta, Jose Luis Agirre, Juan Lizarralde Altxerri, Ibon Urbieta...

Arraunetxeko inaugurazio ekitaldiaOriok irabazitako aurreneko eta azkeneko Kontxako banderak eta traineru bat lagun, Orioko arraun historia errepasatu zuten oholtza gainera igotako zenbaitek ordu eta erdi iraun zuen ekitaldian, Xabier Ibarguren oriotarraren gidaritzapean. Musikak, irudiek eta hitzek hartu zuten protagonismoa, elkarlanean: aita Juan ordezkatuz,  Migel Angel Lizarralde Altxerrik eta Irakoitz Etxeberriak ireki zuten ekitaldia, Benito Lertxundiren Mirotzak abestiaren laguntzaz, bandera bana bizkarrean hartuta: 1901eko Kontxako bandera Altxerrik eta 2007koa Etxeberriak. Donostiako badian irabazitako Kontxako 31 bandera eta traineruak gidatu zituzten 11 patroiak gogora ekarrita, arraunlari eta laguntzaile guztientzako hitzak eta eskerrak izan zituen Irakoitz Etxeberriak.

Piraguismoari eta emakume arraunlariei ateakArraunetxeko inaugurazio ekitaldia ireki zizkien gero Arraunetxek. Emakumeen kirola babesteko eskatu zuen Itziar Olasagasti arraunlariak eta piraguismoak gurean eta Euskal Herrian duen presentzia handitzea espero zuela adierazi zuen Ekaitz Saiesek.

Orioko arraunaren historian nabarmendu diren historiak ekarri zituzten gero pixkanaka-pixkanaka, bata bestearen atzetik:

  • Oriotarren lehen arraun kluba, Emen Gatoztik, eta 1933ko eta 1934ko lehen banderak, Espainiako Errepublikarenak.
  • 1935ean oriotarren trainerua Kontxako uretan hondoratu zenekoa.
  • 1939an, gerraren ondorengo lehen bandera etxera ekarri zutenekoa.
  • Inazio Sarasua Berlingo Olinpiar Jokoetara joatekoa zenekoa eta gerrak bertan behera utzitakoa (Olinpiar Jokoetako ereserkia jo zuten Danbolin Musika eskolako hari-taldekoek).
  • Olinpiar Jokoetan izan diren Orioko arraunlarien errepasoa: Jose Luis Agirre, Ibon Urbieta, Jose Luis Korta, Jon Salsamendi, Eva Mirones, Jabier Puertas, Dionisio Redondo, Bixente Korta, Kristina Korta, Eder Etxeberria, Andoni Elizalde, Pello Olasagasti, Migel Anjel Lizarralde eta Edorta de Anta.
  • 1946ko Santanderko bandera lortu zutenekoa eta oriotarrak, nolabait, Gipuzkoa ordezkatu zutenekoa
  • Isidro Larrañagak Oriotarrak Arraun kantua sortu zuenekoa.
  • 1965ean Club de Remo Olímpico de Orio sortu zenekoa.
  • Arraunketa olinpikoaren sustatzea, besteak beste, Patxi Sarasuaren eta Emilio Olazabalen eskutik.
  • Nazioarteko estropadak egin zirenekoa, Oxford eta Cambridge Ingalaterratik etorri zirenean.

  • Albert Maneilla frantziarrak elikadura ohiturak aldatu zituenekoa.
  • 90eko hamarkada oparoa. Joandako arraunlari eta laguntzaileak ekarri zituzten gogora.

Arraunetxeko inaugurazio ekitaldiaOrioko Arraun Elkarteko presidente izandakoak –Antonio Campos, Luis Azkue, Unanue, Iñaki Sarasua, Jose Julian Olasagasti, Asier Esnal (ezin izan zuen ekitaldian egon), Igon Lertxundi, Jose Kruz Exposito eta gaur egungo presidente Ibon Huegun– ere izan ziren oholtza gainean.

Herriko apaiz Unai Manterolak bedeinkatu zuen Arraunetxe atzetik, elkarbizitza osasuntsua oparoz eta Arraunketa eta Piraguismorako Teknifikazio Zentroaren detaileak bideo bidez erakutsi zituzten.

Arraunetxeko inaugurazio ekitaldiaBeñat Solaberrieta alkatearen hitzekin bukatu zen ekitaldiaren mamia. Auzolanean egindakoak aipatu zituen alkateak: traineruak eta ontziak arrantzaleen kofradia azpian eta kanpineko txabolan eta Lontzotarrek debalde utzitako sotoan egoten zirenean; Pedro Abreuren laguntza klub berria egiterakoan; eta Santi Bentak musutruk utzitako Botalekuko lokala, ontziak gordetzeko.

Arraunetxe inauguratuta, lehen estropada hartzeko prestatu zen.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide