Mendi lasterketa eta babarrun-jana izango dira martxoaren 10ean Aian

Irati 2013ko martxoaren 5a

Bazkaritarako txartelak

Aiako Udalak, herriko hainbat jatetxe eta Kirol Elkartearekin elkarlanean, martxoaren 10erako, iganderako, II. Bizi Iturri jaia antolatu du. Jaia bi ekitaldirekin osatu dute:  II. Aiako Mendi Lasterketa eta babarrun- jana herriko jatetxeetan.

Igandean 11:30ean abiatuta mendi lasterketa izango da. 10 kilometroko ibilbidea –iaz baino bi gehiago– egingo dute korrikalariek Aia, Olarteta, Murugil, Sagastizabal, Zalekutz eta Aia artean. Izena emateko internetez egin ahal izango da 8 euro ordainduta, baita lasterketa hasi baino lehen irteeran 12 euro ordainduta.

Ondoren, Arruti, Jauregi, Kanua, Errota, Altxerri eta Satxota jatetxeetan Aiako babarrunak jateko aukera izango da sakramentu guztiekin. Horrez gain, etxean egindako postrea, kafea eta edaria guztia 15 eurotan. Umeentzako menu berezia ere egongo da 8 eurotan. Txartelak hartzeko azken eguna martxoaren 7a da eta honako telefonoak daude aukeran horretarako: 943 13 09 24 edo 607 233 824.Txartelak aurrez hartu ezean, egunean bertan soberan egonez gero, galdetu eta baliteke babarrunak jateko aukera izatea.

Herriko jarduerak indartu

Antolatzaileen esanetan, herriko jarduera txikietan erabaki ausartak hartzera behartu gaitu gaur egungo egoera ekonomikoak eta herriko talde, herritar eta Udal administrazioaren arteko harremana eta lana ezinbestekoak dira. Gainera herriko produktuak aintzat hartu behar ditugu eta nekazariei ere beren produktuak plazaratzeko bide berriak irekitzen lagundu. Horiek dira, hain zuzen ere,  jaia prestatzeko arrazoiak.

Bestalde Udaletik diote badakitela lana egiteko moduak aldatzen joan behar direla eta beraiek bultzatzaile eta laguntzaile izanez, herriko jarduerei eguneroko zailtasunak gainditzeko bideak bilatu behar dituztela, zenbait herritarrek hortik baitute beraien bizi iturria.

Antolatzaileek aiarrak ez ezik ingurukoak ere gonbidatu nahi dituzte jaira.Lasterketa egitera zein ikustera joateko eta mahai batean inguruan herriko jaki goxoak dastatzeko. bi ekitzetan ez bada ere batean edo bestean, jaian parte hartzera. 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide