Larunbatean II. Babyauto bandera izan zen jokoan 1995etik Orion egiten duten aurre-denboraldiko Oriako jaitsieran. 63 ontzik hartu dute parte aurten. Saikolatik abiatuta 4.000 metro egin zituzten hiru Llagutek, jubenilen sei traineruk, beteranoen hamarrek eta emakumezkoen bederatzik. Gainontzeko gizonezkoen 35 traineruak Mapiletik abiatu ziren 6.000 metro egiteko.
Iaz bezala Hondarribia A traineruko arraunlariak izan dira irabazle, azken aurreko tokian atera, baina denborari erreparatuta lehena helmugaratu baitzen. Azkenengo atera ziren biak –Hondarribia A eta Orio A– izan ziren denbora 20 minututik jaitsi zuten bakarrak: Hondarribiak 19 minutu 49 segundo eta 76 ehuneneko behar izan zituen eta Oriok 8 segundo eta 19 ehuneneko gehiago. Hirugarrenak Sanpedrotarrak izan ziren Hondarribikoengandik 18 segundo eta 35 ehunenekora. Gizonezkoen maila absolutuan aritu zen Orioko beste trainerua hamahirugarren iritsi zen Hondarribia baino minutu bat 9 segundo eta 14 ehuneneko beranduago.
Emakumezkoetan sekula baino ontzi gehiago izan da aurten eta Zumaiko trainerua izan zen denetan azkarrena 4.000 metroko ibilbidea 15 minutu, 7 segundo eta 61 ehunenekoan eginda. Oriotarrek, 46 segundo eta 50 ehuneneko gehiago behar izan zituzten eta laugarren tokian bukatu zuten beren lana.
Beteranoetan, berriz, Zierbena izan zen lehenengo 15 minutu 38 segundo eta 71 ehunenekorekin. Gizonezko jubeniletan Sanpedrotarrak irabazi zuen 14 minutu 47 segundo eta 83 ehunenekorekin. Maila horretan laugarren izan zen Orio 25 segundo eta 22 ehuneneko behar izanik. Llagutak abiatu ziren aurrenak Saikolatik, baina horiek behar izan zuten denbora gehien helmugaratzeko. Lehenak, Badalonakoak, hain zuzen ere, 20 minutu 33 segundo eta 92 ehuneneko.
Hona hemen emaitzak.