Arraunetxeko inaugurazioaren ondoren, Udaleko eta Orio Arraun Elkarteko arduradunek gutun bat bidali dute Karkarara ekitaldietan hainbat izen aipatu ez zituztela eta barkamena eskatuz. Hona hemen beraien idatzia:
Barkamena
Martxoaren 1ean, ostiralean, inaugurazio ekitaldia izan genuen Arraunetxen. Bertan, besteak beste, Orioko arraun historiaren laburpentxoa egin zen. Horietako atal batean, Mundialetan eta Joko Olinpikoetan parte hartu duten senior mailako arraunlari oriotarren izen-zerrenda azaldu zen, presente zeuden batzuk oholtzara igo eta idatzitxoa irakurri zutelarik.
Honen harira, ostiral gauean bertan jakin genuen arraunlari oriotar batzuk minduta, oso minduta zeudela, beraien izenak ez zirelako aipatu. Guk, hasieran, harriduraz hartu genuen notizia eta horren zergatia ezagutzeko lanetan hasi ginen berehala. Eta bai, besteak beste, Mundialetan parte hartu duten Ramon Elizondo Enbil (1985); Patxi Sarasua Salsamendi (1985) eta Imanol Garmendia Maiz (2012) ez ziren aipatu.
Antolakuntzan jardun garen Udaleko eta Orio Arraunketa Elkarteko arduradunak, Orio Arraunketa Elkarteko webgunean dagoen zerrenda hartu genuen ardatz. Hortik etorri da errua, zerrenda hori ez dago ondo, zeharo osatu gabea eta zaharkitua baitago.
Beraz, antolakuntzakoen partetik, barkamena eskatzen dugu. Haserrea handia izan da eta ulertzen dugu, hain ekitaldi garrantzitsuan merezimendu osoz irabazi duten errekonozimenduen aipamenik ez egitea gogorra izan behar du-eta.
Tokatzen zaigun errespontsabilitateaz jabetuta, idatzi hau plazaratzen dugu gaur, Ohiko Batzar Nagusian, guztiok izan dezazuen pasadizo tamalgarri honen berri.
Bestalde, Mundialetan eta Joko Olinpikoetan parte hartu duten oriotarren zerrenda lehenbailehen zuzentzen eta eguneratzen saiatuko garela agintzen dugu.
Beraz, oraindik arraunlari oriotarrik geratuko balitz zerrenda honetan aipatu gabe, biziki eskertuko genuke abisatuko baliguke.
Berriz ere, sortutako eragozpenengatik barkamena
eskatuz, agurtzen gara:
Udaleko eta Orio Arraun
Elkarteko arduradunak.