Aurrekariak zituzten 19 eta 21 urteko bi gazte atxilotu zituzten ertzainek, hilaren 1etik 2rako goizaldean, 04:35ean, Eusko Gudari kaleko Nahikari dendan ateko kristala mazo batekin hautsi eta lapurretan saiatu zirelakoan. Ertzainek gertakariaren berri izan eta dendaren inguruan aurkitu zituzten lapurrak. Batek mailu txiki bat zeukan aldean eta besteak Aiako tailer bateko kreditu txartela. Gau hartan bertan lapurreta izan zen han ere kristala apurtuta.
Horrez gainera, Ertzaintzak jakinarazi digunez azken hilabeteotan honako saiakerak eta lapurretak izan dira:
Urtarrilean:
– 4 etxetan lapurretak, horietatik 3 Baxoalde kalean eta 17:45-20:15 ordu tartean.
Otsailean:
– Etxe batean lapurreta saiakera eta kalteak sarrailan.
– Lokal batean lapurreta saiakera eta kalteak atean –gauez–.
– Lokal batean lapurreta kristala estoldako taparekin hautsita –goizaldean–.
Hori dela eta, herriko toki batzuetan zaintza areagotu du Zarauzko Ertzain-etxeak, susmagarri izan daitezkeenak identifikatuz eta abar.
Gomendioak
Dena dela, egoera honen aurrean hainbat aholku luzatu dituzte Ertzaintzatik:
– Etxeko atea beti giltzaz itxi, nahiz eta barruan egon. Leihoak ere ondo itxi beti, batez ere beheko etxe edo solairuetan, baita aldamioak dauzkaten eraikinetan ere.
– Giltzatu atea giltzari pare bat buelta emanez, era horretan etxeko sarraila ezin izango du inork zabaldu txartela erabiltzen duten teknikekin.
– Deitu Ertzaintzari zalantzarik gabe, 112 telefonora. Ezezagunen bat inguruan bueltaka ikustean, etxean zarata arraroak entzutean, susmo txarra eragiten digun kotxe bat ikustean –non hainbat lagun barruan zaintza egiten ari diren–, edozein ordutan deitu 112 telefonora.
– Ez fidatu ezohiko aitzakiak edo galderak dakartzatenekin. –Galdu egin naiz, zure senarra etxean al da?…– Ez eman inori etxeko informaziorik.
– Balio handiko gauzak leku seguruan gorde, esaterako, ez da komeni diru pila bat etxean edukitzea.
– Denbora luzean inor biziko ez den etxeetan, ez utzi gauza baliotsurik –koadroak, bitxiak, eskulturak, eta abar–
– Ezagun bati utzi kanpoan egongo gareneko helbidea, gu aurkitu ahal izatea behar izanez gero.
– Ez utzi abisurik etxeko atarian edo/eta erantzungailuan kanpoan zaudela azalduz.
– Lapurra ikusiz gero, ez egin aurre, saiatu ahalik eta ezaugarri gehien memorizatzen –ihes egin duen kotxearen matrikula, kasua bada–, eta deitu berehala Ertzaintzari.
– Etxea hutsik uztean, asteburu-pasa edo halako kasuetan, jendea dagoenaren itxura eman behar da: pertsianak erdi zabalik utzi, arropa batzuk zabalduta, argiren bat tenporizadore batera konektatu… Dena dela bizilagun bati esan badaezpada ere.
– Ez utzi loreontzietan edo/eta lanpasaren azpian giltzarik. Askoz ere ziurragoa da, beharrezkoa ikusten bada, konfiantzako bizilagun edo/eta familiako bati giltzaren kopia bat uztea.
– Ezezagunen aurrean ez esan noiz egongo garen etxetik kanpo.
Etxebizitzan lapurreta egin badute, ez da bertan sartu behar Ertzaintza iritsi arte. Sartu behar izanez gero, lapurrek manipulatutako gauzak behintzat ez dira ukitu behar, ikerlariek hatz-markak edo arrastoak aurkitu ditzakete-eta manipulatu dituzten gauza horietan.