Zer eta nola birziklatu erakusteko ikastaro gehiago antolatu ditu Udalak

Irati 2013ko martxoaren 8a

Ordubete inguruko saioak izango dira 19:00etan Ikastolako areto nagusian

Orioko Udaleko Hondakinen Mahaiak–Orioko udalean ordezkaritza duten hiru taldeek (Bildu, EAJ eta Orain) eta Orio Zero Zabor taldeak osatua– antolatuta, birziklatzeari buruzko ikastaroak izango dira. Ikastaro horietan materia organikoa birziklatzearen garrantziaz hitz egingo dute, edukiontzi marroiaren erabilera azaldu eta jendeari erakutsiko diote gainontzeko hondakinak –beira, papera, ontzi arinak, ehunak…– nola bereizi. Birziklatzeak dakartzan onurak ere azalduko dituzte.

Ikastaroak ordubete ingurukoak izango dira, 19:00etan hasita, Ikastolako areto nagusian. Egunak, berriz, honako hauek: martxoaren 11, 13a, 18a eta 20an. Lehenbiziko hiru saioak euskaraz egingo dituzte eta azkena, berriz, gaztelaniaz. Ez da aldez aurretik izena eman behar. Nahikoa da egun horietako batean Ikastolako aretora agertzea esandako orduan.

Ikastaro hauekin Orioko udalean ordezkaritza duten hiru taldeek (Bildu, EAJ eta Orainek) eta Orio Zero Zabor taldeak osatzen duten Hondakinen Mahaiak irailean abiatutako kanpainari segida eman nahi dio. Kanpainak bi helburu nagusi ditu:

 

• Orioko birziklatze tasa handitzea.

 

• Birziklatzea errazteko baliabideak ematea herritarrei.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide