Jabier Zabaletak irabazi du Korrikako hitz gurutzatuen lehiaketa

Gozategi Argentina Tour 2013 2013ko martxoaren 11

Dozena bat parte hartzailetik onena izan da Orioko Udaleko euskara teknikaria

Martxoaren 10ean, igandearekin, lehen aldiz antolatu zen hitz gurutzatuen lehiaketa Orion. Herritar batzuk Euskal Herriko hitz gurutzatuen lehiaketan izan ziren iaz, eta ideia gustatuta, herrira ekarri zuten ideia. Horretarako, Korrika kulturala aprobetxatzea ongi iritzita Korrika batzordean proposatu eta ideia aurrera eraman zuten batzordeko kide diren Herrioko eta Goiko Kaleko festa batzordeko hainbat lagunek.

Guztira dozena bat lagunek hartu zuten parte lehiaketan. Eguraldia lagun, orain arteko Korrikaren edizio guztietako abestiekin girotu zuten plaza ingurua antolatzaileek. Hasiera batean laguntzera gerturatu ziren batzuk ere animatu ziren azkenean lehiaketan parte hartzera. Hala, hiru txanda izan ziren eta bakoitzeko gurutzegrama bat osatu behar zuten lehiakideek.

Lehenengo bi saioetan plazan horretarako propio jarri zituzten mahaietan osatu zituzten gurutzegramak parte hartzaileek –lehendabizikoa errazagoa, bigarrena zailxeagoa– 10 minutuko denboraren barruan. Hamabi lagunetatik 4 pasa behar ziren finalera, eta, horretarako, puntuazio onenak zituzten lauak aukeratu zituzten. Puntuazio sisteman, akatsak ez egiteaz gain, azkar egitea ere baloratu zuten epaileek. 

Hala, finalean lau kide izan ziren: Olatz Olariaga, Amaia Urkola, Jabier Zabaleta eta Iker Zumeta. Finalerako lau panel prestatu zituzten antolatzaileek gurutzegrama han osa zezaten lau lehiakideek 15 minutuko denboran. Jende dezente gerturatu zen finalerako garaian plaza ingurura eta giro polita zegoen. Behin hamabost minutuak pasata, inork ez zuen akatsik gabe osatu azken gurutzegrama, baina guztietan txukunena Jabier Zabaletak, Orioko Udaleko euskara teknikariak, egindakoa izan zen epaileen esanetan.

Saritzat diploma bana jaso zuten parte hartzaileek.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide