Martxoaren 15etik 21era bitartean izango da musika astea

Irati 2013ko martxoaren 13a

Danbolinek antolatutako musika astean 200 ikaslek hartuko dute parte

Danbolin Musika Eskolak urtetako ohiturari jarraituz musika astea antolatu du, 26.a izango da aurtengoa eta 200 ikaslek baino gehiagok hartuko du parte. Helburu pedagogikoarekin antolatu dute astea eta ahalik eta ikasle gehienek jo eta abestu dezaten saiatzen dira Musika Eskolakoak. Senideak ez ezik, Musika Eskolako  ikasleak ere gonbidatu nahi dituzte Kultur Etxean izango diren beste emanaldiak entzutera besteak beste besteek nola jotzen duten ikusteko, hainbat estilo entzuteko, musika aditzen ikasteko, baita kontzertuetako jarrera egokia izan behar den jakin dezaten. Emanaldi guztiak Kultur Etxean izango dira.

Aurten musika-mintzairakoek –solfeokoek– kontzertu bakoitzeko zati bat hartuko dute, ikasgaiari duen izen txarra kentzeko-edo, dio Elena Errasti Danbolin musika eskolako zuzendariak. Musika mintzairako ikasleak kantuan arituko dira instrumentuen  laguntzarekin: eskusoinua, klarinetea, saxofoia, pianoa, trikitixa, panderoa, gitarra klasikoa, perkusioa, tronpeta, gitarra elektrikoa, txistua, biolontxeloa, biolina eta flauta. Obraren bat edo beste, instrumentu bakarrarekin izango da, baina gehienetan instrumentuak nahastuko dituzte. Estiloei dagokienez, askotariko musika entzuteko aukera emango dute: klasikoa, herrikoia, modernoa...

Ganbera taldea
Musika astea amaitzeko Donostiako Francisco Escudero Kontserbatorioko ganbera taldeak eskainiko du kontzertua 21ean. Kontzertu horrek Danbolineko ikasleei musika ikasketen ibilbidea erakustea du helburu: musika ikasketak ez dira Orion amaitzen eta profesionalizatu daitezkeen ikasketak badirela  jakingo dute ikasleek, dio Elena Errastik.

Musika asteko egitaraua

  • Martxoak 15

18:00etan: musika mintzairako 4. kurtsoko ikasleak eta 3. mailako gazteak.

  • Martxoak 18

18:00etan: prestakuntza eta musika mintzairako 1. kurtsoko ikasleak.

  • Martxoak 19

18:00etan: musika mintzairako 2. kurtsoko eta 3. kurtsoko ikasleak.

  • Martxoak 20

18:00etan:  Tailerreko ikasleak.
19:00etan:  3. mailako ikasle helduak.

  • Martxoak 21

18:30ean: Donostiako Francisco Escudero Kontserbatorioko ganbera taldea.


Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide