Oraindik salgai daude euskaltzaleen bazkarirako txartelak

Irati 2013ko martxoaren 15a

Orioko taldekako 3. bertsolari txapelketa larunbatean jokatuko da Korrika kulturalaren baitan

Korrika atzo, ostegunarekin, abiatu zen Andoaingo Martin Ugalde parketik eta Oriotik martxoaren 23an pasatuko bada ere, hasiak daude Korrikaren inguruko ekintzak. Gaur, ostirala, Korrika txikia egingo dute, 15:00etan hasi eta Bikamiotatik  Herriko Plazara. Zaragueta Herri Eskolako eta Orioko Herri Iikastolako haur eta irakasleek hartuko dute parte eta plazan festa giroko ekitaldia egingo dute. Korrikako materiala erosteko aukera ere izango da, plazan jarriko den mahaian.

Larunbatean hainbat ekitaldi izango dira. 12:00etan abiatuko da Orioko taldekako 3. bertsolari txapelketa. Lehen finalerdia Kolon Txiki tabernan izango da, ondorengoa, berriz, 18:00etan Errusta tabernan. Finala, 23:00etan abiatuko da Kalakarin. Rosi Lazkano, Imanol Esoain, Rikardo Uzkudun, Iker Gurrutxaga, Iñaki Gurrutxaga, Antxon Mantzisidor, Egoitz Eizagirre, Jon Agirresarobe, Aitor Arregi, Ibai Esoain, Mikel Iruretagoiena eta Igor Salamendi bertsolariek hartuko dute parte. Gai-jartzaile lanetan Garazi Urretabizkaia, Eli Manterola eta Oihana Zulaika arituko dira eta bestelako sorpresak ere prestatu dituzte txapelketarako.

Tartean, 14:30ean, hain zuzen ere, euskaltzaleen bazkaria egingo dute Loretxu jatetxean. Gaur, ostirala, izango da txartelak erosteko azken eguna. 25 eurotan eskura daitezke Kolon Txiki tabernan eta Lore burdindegian. Bestalde, 22:00etan hasita Korrika gaua izango da herriko tabernetan.

Jolasa, musika eta bertsoa

Asteburuko ekitaldien ondoren, datorren ostiralean, martxoaren 22an, beste bi saio izango dira arratsalde eta gauean. 16:30erako Mihiluze txapelketa antolatu dute eta Ikastolan izango da. 22:00etan, berriz,  Kultur Etxean Bi arreba ikuskizuna egingo dute Xabier Lizaso piano-jotzaileak eta Andoni Egaña bertsolariak.

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide