Asteburuan gorputz mugimendua lantzeko tailerrak izango dira Haurreskolan

Irati 2013ko martxoaren 15a

Larunbatean helduentzat izango da eta igandean familientzat

Nerea Mendizabal psikopedagogian lizentziatua, gizarte hezitzailea eta haur masajeko hezitzailea da eta berak gidatuta bi ikastaro antolatu dituzte aste bukaerarako eta biek gorputza lantzea dute helburu. Maria maestra haurreskolan izango dira biak.

Larunbatekoa helduentzat da eta gorputzarekin komunikatzeko tailerra da. Norberaren gorputzaren entzumenaz, naturaltasunaz eta sormenaz gozatzeko tailerra da antolatzaileen esanetan. Parte hartzaileek dantzan, antzerkian edo gorputz espresioan esperientzia izan dezakete, baina aritu ez direnek ere lekua izango dute ikastaroan. Izan ere, dantza, adierazpena, jolasa, masajea, entzumena eta arnasketaren bidez norbere gorputza ezagutzen joango dira modu dibertigarrian eta besteekin harremanean. Musika eta beste hainbat baliabidez gidatuta sormen eta emozioak garatuko dituzte komunikatzeko gaitasuna esnatuz. Tailer trinkoa da: larunbata, martxoak 23, 10:15etik 13:30era. Egin beharreko ekarpena 25 eurokoa da.

Igandekoa, berriz, familia giroko saioa izango da eta mugimendua, kontaktua eta erlaxazioa landuko dituzte hor ere haur eta helduen arteko elkargunea sortuz. Gorputz guztiarekin adierazteko elkar banatzeko eta kontaktuarekin gozatzeko baimena emango dugun lekua izango da. Helduei eta bi urtetik gorako haurrei zuzendutako ikastaroa da eta arropa erosoa eramateko gomendatu dute antolatzaileek. 11:30ean hasiko da saioa eta 13:00etan amaitu. Helduek 15 euro ordaindu beharko dituzte eta haurrek 5 euro.

Informazio gehiago jasotzeko edo izena emateko honako bi bideak daude: nereamendi@gmail.com edo 628 85 92 82.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide