Martxoaren 16an eta 17an garaipen mordoxka lortu dituzte Orio Arraunketa Elkarteko neska mutilek.
Larunbatean Donostiako Loiola auzoan zuten hitzordua, Hernaniko elkarteak antolatutako estropadan. Hiru garaipen lortu zituzten oriotarrek 7 kategoriatan banatutako estropadan. Infantil neskek lortu zuten lehen garaipena. Nesketan geroz eta indar handiagoa duen Hibaikako ontziari ia 4 segundoko abantaila atera zien oriotarrek.
Kadete mutilek errazago lortu zuten estropada irabaztea. Bigarren hemen ere Hibaika izan zen, baina aldea nabarmen handiagoa: 19 segundo eta erdi. Senior mutilek ere tarte zabalarekin irabazi zuten estropada, baina Orio B izan zen irabazle. Bigarren San Pedro B iritsi zen helmugara eta ia 12 segundo atera zizkion Orio Bk. Orio A, berriz, 4. tokian geratu zen beste batel horitik 18 segundora.
Gainontzean senior neskak 3., jubenil mutilak 4. eta infantil mutilak 10. izan ziren. Jubenil nesketan ez dute batelik osatu aurtengo denboraldirako.
Igandean berriz ere Zumaian
Larunbat arratsaldeko lanak bukatuta, biharamunean, Zumaian jokatu ziren batel estropadak goizeko 10:30ean hasita. Berriz ere hiru garaipen lortu zituen Oriok: infantil nesketan, kadete mutiletan eta senior mutiletan.
Seniorrek larunbateko emaitzari buelta eman eta Orio A izan zen estropada irabazi zuena. San Juan B izan zen bigarren 5 segundo pasatxora eta Orio B laugarren ia 20 segundora. Kadete mutilek 17 segundoko aldeaz irabazi zuten beren estropada, bigarren Getaria izan zen eta hirugarren Hibaika.
Infantil neskek, bestalde, Hernani izan zuten atzetik eta Hibaika izan zen hirugarren, 8 eta 11 segundora hurrenez hurren. Gainontzean, jubenil mutilek 3. eta 10. bukatu zituzten beren estropadak. Dena dela, bigarren posturako lehia estua izan zuten Oriok eta Zarautzek eta 12 ehunenekoren aldeagatik nagusitu zen txalupa urdina. Senior neskak, bestalde, 2. izan ziren Hibaikak 25 segundoko aldea aterata. Azkenik, kadete mutilak 9. iritsi ziren helmugara.
Aste honetan ere J.M. Azkuek argazkiekin osatutako bideoa egin du. Hona hemen ikusteko aukera: