Zuhaitz landaketa egingo dute Abaromendin larunbatean

Irati 2013ko mar. 19a, 11:10

Herrio natur taldeak egin du deialdia 10:00etarako

Herrio natur-taldeak larunbaterako, hilaren 23rako, Zuhaitz eguna antolatu du. Zuhaitz landaketa Abaromendi inguruko parkean egingo dute, goizeko hamarretatik aurrera. Landatu beharreko zuhaitzak eta landatzeko materiala natur taldearen esku izango da eta herritarrak gonbidatu nahi dituzte ekintzan parte hartzera inguru hura denen artean egokitzeko.

2008ko martxoaren 15ean Herrio natur-taldeak, Orioko udalaren laguntzarekin, zuhaitz eguna antolatu zuen eta herritar ugarik Luxarbeko aisialdi gunean landatu zituen zuhaitzak. 2012ko udazkenean Iberdrola enpresa udalarekin harremanetan jarri zen inguru horretako zuhaitzak botatzeko aginduz. Lege aldaketa baten ondorioz argindar zutoin eta kableetako segurtasun-eremua zabalagoa izango da eta horren arabera segurtasun eremu horietan ezinezkoa da zuhaitzik egotea. Landatutako zuhaitzak botatzeagatik ordainsari bat jaso du Orioko udalak.

Udalak Herrio natur-taldeari egoera azaldu zion 2012ko urte bukaeran eta taldeak herriko beharrak aztertu ondoren, Abaromendi inguruko parkea egokitzeko proposamena egin dio Udalari; herrigunetik gertu dagoen berdegunearen erabilera indartuko duen proiektua, hain zuzen ere. Proiektua garatzeko herritarren partaidetza ezinbestekoa dela iritzi diogu eta horregatik antolatu dugu zuhaitz landaketa hau. Hurrengo urteetan ere halako ekintzak antolatuko ditugu denon artean Abaromendi parkea osatu arte, azaldu dute Herriokoek.

Proiektuaren helburuak

Orokorrak
  • Oriotarrek Abaromendiko parkea egunero erabiltzea, haien aisialdian.
  • Horrek inguruari bizitasuna ematea.
  • Oriotarrek beste gune berde atsegina izatea aisialdian gozatzeko.

Zehatzak
  • Herritarrek bere sentiaraztea.
  • Bizidunekiko sentsibilizazioa sustatzea
  • Bertako espezieek eratutako parke polita eta erabilgarria edukitzea.
  • Umeen parke berria eta berdea egitea.
  • Irakurtzeko edo lasai egoteko gune bat sortzea, Orion.
  • Belarra zapaltzeko beldurrik gabe, estetikoki erakargarria izango den gune bat sortzea.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide